Jaien bezperatan, Durangoko Udalak eraso sexisten kontrako arreta eta informazio gunea aurkeztu du. Hori dela eta herritarren esku ipini du 747459584 telefonoa. 24 orduz egongo da operatibo, baten batek erasorik jasan badu edo erasoren bat ikusi badu, biktimari laguntzeko. Telefono hori urriaren 12, 13, 14, 15, 16, 21, 22 eta 23an egongo da operatibo. Udalak indarkeria matxistaren aurkako laguntza dispositibo propioa ipintzen duen lehenengo aldia da. Proposamena herriko eragile feministei bidali die. Horrez gainera, txosna batzordeak Gune Morea ipiniko du txosnagunean. Urriaren 14, 15, 21 eta 22an egongo da zabalik, 22:00etatik 01:00etara.
Udalak kaleraturiko dekalogoa:
- Jaietan harreman osasuntsu, aske eta berdintasunezkoak sustatuko ditugu, errespetuan eta tolerantzian oinarrituak.
- Denok izango dugu jaietan berdintasunean primeran pasatzeko eskubidea, giro osasuntsu eta atseginean.
- SOILIK BAI DA BAI. Ados zaudeten jakin behar duzu; isiltasuna ez da baimena.
- Onartu BETI ezetza erantzun gisa, tematu barik. Emakumeak ez jazarri eta ez jarraitu.
- Alkohola eta beste sustantziak ez dute INOIZ erasoa justifikatzen.
- Ez dugu ez txiste, ez piropo, ez burla sexistarik onartuko.
- Emakumeen itxura, jarrera edo janzteko modua errespeta dezagun, askatasun pertsonala bermatuz.
- Eraso matxisten aurrean jarrera aktiboa izango dugu: ez dugu beste alde batera begiratuko, horrek konplize egiten gaitu eta.
- Indarkeriaren biktima den edozein emakumeri laguntza eta babesa emango diogu, hartu duen erabakia errespetatuz, horrekin bat etorri ez arren.
- Erasoren bat sufritu edo ikusi ezkero, deitu 747459584 telefonora.