Durangoko jaiak

Durangoko Udalak txapligoak kenduko ditu jaietako hainbat ekitalditatik, "animaliengan eta erabiltzaileengan pentsatuta"

Ekaitz Herrera 2022ko urr. 10a, 12:57

Itsu-txakurra darabilen durangar baten kexak aintzat hartuta, Durangoko Udalak bertan behera utzi du jaietako hainbat ekitalditan txapligoak botatzeko asmoa. Txupinazoetako eta jaiei amaiera ematen dien ekitaldiko suziriak baino ez ditu botako. 

Durangoko Udalak jakinarazi du bertan behera utzi duela jaietako hainbat ekitalditan txapligoak botatzekoa asmoa. Jaiei hasiera ematen dieten suziriak eta bukaerakoak baino ez ditu mantenduko. Udalak duela "hiru urte hasitako bidean sakondu" gura duela adierazi du. 2019an, adibidez, etenaldiak agindu zituen barraketako musikan, sentsibilizazio berezia duten umeek atrakzioez gozatzeko aukera izan zezaten. Aurten ere, antzerako neurri bat hartuko du, kasu honetan, "animaliengan eta haien erabiltzaileengan pentsatuta".

Erabaki berri hau itsu-txakurra darabilen durangar baten kexatik ailegatu da. Halantxik kontatu dio Elisabete Berasaluze bizilagunak ANBOTOri. "Txapligo bat dagoen aldiro txakurrak beldurtu egiten dira. Blokeatu egiten dira. Eta nire kasuan, gida-txakurrak orientazioa galtzen du. Adinean aurrera egin ahala, txakurrak sentiberagoak dira eztandak tinpanoan sortzen dien minarekiko. Hurrengo eztanda noiz entzungo zain geratzen dira, antsietateagaz". Dena dela, Berasaluzek argi utzi du egoera hori ez dela berea bakarrik. "Hau guztia animaliak dituzten herritarrengana zein sentsibilitate berezia duten herritarrengana hedatzen da", gaineratu du. Bizilagun durangarrak adierazi duenez, "udalak 7:30etatik 9:30etara bota behar zituzten txapligoak hasiera batean; orain, badirudi ez dituztela botako".

"Bizimodu eramangarriagoa"

Berasaluzek txapligoen erabilera erregulatzeko hiru eskari erregistratu ditu 2019tik hona Herritarrentzako Arreta Zentroan. "Orain arte horma moduko bat topatu dut, baina kasu honetan benetan eskertzekoa da udalaren jarrera. Pozarren nago. Arduratsuak izan dira. Gaiari seriotasunez heldu diote eta espero dut aurrerantzean ere bide horretatik jarraitzea. Ea txapligoen erabilera erregulatzen duten. Azken finean, hau guztia bizimodua eramangarriagoa egitea da. Jende askorentzat beharbada ezezagunak dira horrelako egoerak, baina neurriak hartuta, iruditzen zait gaia gizarteratu eta sentsibilizazioa lantzen dela", bukatu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!