Irisgarritasun obrak egingo dituzte Geu Be elkartearen etorkizuneko egoitzan

Anboto 2022ko urr. 7a, 13:57

Besteak beste, lokala handituko dute kanpoko ataripera zabalduta. Lanek hiru bat hilabete iraungo dute. Geu Bek Intxaurrondon izango du etorkizuneko egoitza.

Durangoko Udalak irisgarritasun obrak egingo ditu Intxaurrondoko eraikinean, Geu Be elkarteak bertan izan dezan etorkizuneko egoitza. 130.589 euroko aurrekontuagaz, "mugikortasun eta espazio arazoak konpontzen" saiatuko dira. Udalak lokala handituko du, zabaltze lanak ataripera hedatuta. Guztira 56 metro karratuko lokala izango da. Neskutz Rodriguez eta Ane Abanzabalegi zinegotziak "pozik" agertu dira esleipenarekin, lanek "nabarmen" hobetuko dutelako Geu Bek jarduerak egiteko behar duen irisgarritasuna. 

Geu Beren egoitza Garai jauregian egon da orain arte eta Intxaurrondon egongo da etorkizunean, herriko beste hainbat elkarterekin batera. Instalazioetan Berbaro, zeramika tailerrak, Izarra elkartearen Astronomia Gela, Errotari mikologia elkartea, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Helduen Hezkuntza, Gazte Informazio Bulegoa, Iñurri, JAED, DAZ, Juan de Iciar Elkartea daude. Bestalde, eremu horretan Ludoteka eta Gaztelekua ere badaude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!