Noiz zabaldu duzu Amalur 2?
Taberna urte hasieran hartu genuen eta konponketak egiten hasi ginen: margotu eta horrelakoak. Maiatz erdialdean zabaldu genituen ateak. Beraz, hasiberriak gara eta ikasten gabiltza.
Zelan doa?
Murueta Torren beste taberna bat daukat eta hau ezberdina da. Egunak pasatu ahala moldatzen ari gara.
Badatoz jaiak, eta Alde Zaharreko erdigunean zaudete. Txupinazoaren unean jendez beterik egongo da ingurua.
Jaietan, Murueta Torreko tabernan ez da hainbesteko jendetzarik egoten, baina Alde Zaharrean bai. Jaietan jendea Alde Zaharrera etortzen da gehienbat. Aurreikuspenak onak dira, baina ez dakigu zer gertatuko den. Prestaketetan gabiltza. Uste dut gauez lan gutxiago egingo dugula, baina goizak eta arratsaldeak jendetsuak izan daitezke. Igartzen da aurten jendea gogotsu dagoela jaietarako. Gu ere gogotsu gaude, baina tentsioa ere badugu; txupinazoa tabernaren pare-parean izango dugu. Aurten jaiegun asko izango dira jarraian. Urriaren 11n txupinazoa botako dute txosnetan, eta gero jaiegun mordoa dator bata bestearen atzetik.
Barrarako txandak egitea ez da erraza izango. Zelan egingo duzue?
Kosta egiten da, baina beheko tabernako lantaldeagaz konponduko gara taberna bietan. Bestela, laguntza eskatuko dugu.
Zein ezberdintasun dago Murueta Torren eta Alde Zaharrean taberna izatearen artean?
Murueta Torrekoa auzoko taberna bat da. Amalur 2 Alde Zaharrean egonda, martxa handiagoa du.
Kokapenaren arabera, taberna bakoitzak bezero mota ezberdina dauka?
Murueta Torrekoa bezero familiarra da. Auzoa zahartuta egon da, baina orain bikote gazte asko etorri da umeekin. Han ez dabil autorik, eta belartza dagoenez, lasai ibili daitezke jolasten. Alde Zaharrean, bezeroen profila gazteagoa eta nagusiagoa da.
Tabernari izatearena familiatik datorkizu.
Gurasoek orain 40 bat urte zabaldu zuten Murueta Torreko Amalur taberna. Azken 15 urtean eurekin lan egin dut. Orain hiru-lau urte, behin eurak jubilatuta, neuk hartu nuen tabernaren ardura.
Esaten da ostalaritzaren ikuspuntutik gauak galdu egin direla jaietatik kanpora.
Ni ez nago Goienkalen. Barrenkalen ezberdina da. Hemen arratsalde-iluntze partean ondo lan egiten da, baina gauez ez jaietatik kanpora.
Zelan pintxopotea?
Eguenetan jende nahikotxo ibiltzen da. Barikuetan ere bai.
Durangoko ostalaritzak zein erronka dituela esango zenuke?
Erronka bat nabarmenduko nuke: denok elkartzea. Ulertzen dut Dendak Bai elkartea hor dagoela eta ostalaritzako arlo bat duela. Badakit Alde Zaharrekoak eta beste inguruetako ostalariak batzea gatxa dela, baina onurak izango lituzke denontzat. Denon artean zeozer eskatuz gero, indar handiagoa izango genuke. Txiki batek ez du askorik egingo, baina denok batera joanda errazagoa izango litzateke.