"Txekian itsasoaren falta igartzen dut, eta arrain ona jatearena"

Aitziber Basauri 2022ko urr. 9a, 10:20

Iker Totorika (Durango, 1985) haize berri bila joan zen Txekiar Errepublikara, lan aukera berri bat aprobetxatuta. Familia, ilobatxoa eta lagunak bisitatzera etortzen da tarteka Euskal Herrira.

Txekiar Errepublika eta Euskal Herria oso desberdinak dira?
Alderdi askotan bai. Neguak luzeak eta gogorrak dira hemen; eskiatzea gustuko baduzu, zoragarri, baina ez da nire kasua. Menditsua da baina ez du kostarik, eta niri asko gustatzen zaizkit hondartza eta kostako jaiak. Errepide askotan obratan daude urte osoan, eta gorroto dut hori. Batzuetan luze jotzen du lekuetara ailegatzeak.

Zelan egokitu zara hango bizimodura? 
Ni etorri baino hile batzuk lehenago lankide batzuk etorri ziren; horrela errazagoa da egokitzea. Hala ere, ez ditut ohiturak guztiz aldatu. Otorduetarako ordutegia mantendu egin dut, adibidez. Ezinezkoa zait 11:30ean bazkaltzea eta 18:00etan afaltzea. Baina etxean sartu eta segituan eranzten ditut oinetakoak. Txekiarrengandik ikasi dut hori (barrez).

Ondo moldatzen zara txekieraz?
Moldatzen naiz, zelanbait. Banaiz gauza esaldi sinpleak osatzeko, eta gauzak modu errazean eskatzeko. Ulertu bai, gehiago ulertzen dut. Baina esan behar dut planetako hizkuntzarik gatxenetarikoa dela.

Zerk harritu zaitu gehien?
Trolebusak ikusi daitezke oraindino, baina, aldi berean, oso normala da kreditu txartela erabiltzea garagardo bat ordaintzeko. Bestalde, gazterik ezkondu eta seme-alabak izateko duten joerak harritu nau. Hemen, 25 urtegaz ezkondu barik dagoenari korapilota egiten zaio urdailean, batez ere emakumeen kasuan. Lagunarteaz eta bizitzaz gehiago disfrutatu beharrean, bizitzaren zatirik handiena etxe bat eraikitzen eta bikotekideagaz ematen dute.

Aurretik Zeelanda Berrian ibilia zara. Orain, Txekian. Etxetik kanpora zaudenean zeren falta igartzen duzu gehien?
Karrera amaitu berri joan nintzen Zeelanda Berrira, neskalaguna nuenagaz. Ingelesa ikastera eta bizitzako esperientziaren bila joan nintzen, eta bizipen hark Txekiara etortzeko erabakia hartzera lagundu zidala esango nuke. Zeelanda Berrian gure janariaren falta igarri nuen. Txekian, itsasoaren falta eta arrain ona jatearena. Eta bietan kuadrillaren eta herriko jaien falta; Euskal Herrian baino ez dugu hori. 

Txekiako txoko bat?
Txoko polit asko dago, Txekia Praga baino ez dela ematen duen arren. Adibidez, ipuin batetik ateratakoa ematen duen Cesky Krumlov herrixka, Pragatik ordu bi eta erdira. Kaleetatik paseatzea eta bertako gazteluko ikuspegia zoragarriak dira.

Sanfaustoen falta igarriko duzu?
Egia esan, pandemia dela-eta urte bi San Faustoez gozatu barik geratu naiz, baina ez ni bakarrik, baita durangar guztiak ere. Aurten ere galduko ditut, bai, baina uda amaieran Euskal Herritik ibili naiz, eta Bilboko festetan eta Lekeitioko Antzara Egunean ere ibili nintzen, eta, beraz, neurri batean asetuta geratu naiz euskal jaiekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!