Ganso&Cia konpainiak bere azken lana aurkeztuko du asteburuan: 'Muna'

Aritz Maldonado 2022ko urr. 7a, 11:00

Ganso & Cia konpainiak emanaldi bikoitz bategaz estreinatuko du bere lan berria: Muna. Bereziki umeentzat prestaturiko lana dela azaldu dute sortzaileek, eta 2tik 6 urtera arteko ikusleentzat gomendatzen dute.

Muna, Cecilia Paganinik antzeztua, lurpean bizi den pertsona bat da. Basoko animaliak lez bizi da, libre; naufragoa bere uhartean lez, goizero dabil bere irlan ahazturiko altxorren bila. Egun batean, baina, ilargira igotzeko modua bilatzea bihurtzen da bere eguneroko motorra. Lan honetan, protagonistek ohiko klown teknikak darabiltzate, mimoz egindako lanari bestelako ikuspuntu bat gehituaz. Cecilia Paganini sartu da Munaren azalean, eta zuzeneko musikaz Txefo Rodríguez arduratu da; Gorka Gansoren zuzendaritzapean lan egin dute biek.

Ganso & Cia konpainia 2007an sortu zuten eta, aurrekoetan lez, San Agustin kultur gunean garatu dute lan honen erresidentzia artistikoa. Asteburuko estreinaldi bikoitza San Agustin kultur gunean izango da, 18:00etan. Ikusleek 4 euroan erosi ditzakete sarrerak.  

Latsarriak: emakumeen ahotsa
Bestalde, gaur, barikua, Nerea Gastonen Latsarriak: emakumeen ahotsa erakusketa inauguratuko dute Durangoko Arte eta Historia museoan; Karrika antzerki taldeak performancea prestatu du ate irekiera ekitaldirako; 18:00etan izango da. Horrez gainera, berbaldi sorta egingo dute museoan. Besteak beste, Mariefi Perezek eta Isabel Mellenek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!