Dendak Bai merkatari elkarteak durangooparitu.eus izeneko ataria zabaldu du gaur. Bertan 20, 50 eta 100 euroko opari-txartelak ipini ditu eskuragarri. Merkatarien elkarteak azaldu duenez, txartela erosi ondoren berau mugikorrera deskargatzen da. Eta sistemari atxikitako establezimenduetan erabili ahalko da, zenbatekoa agortu arte.
Dendak Baik txartel digitalaren abantailak azpimarratu ditu. Euren esanetan, "opari ezin hobea da zer oparitu ez dakigun kasuetarako edo eskudiruzko oparien alternatiba modura". Horrez gainera, "txartelak mota guztietako establezimenduetan" erabili daitezkeela adierazi dute: "tabernetan, lore-dendetan, modan, ile-apaindegietan, liburu-dendetan,...", eta txartelagaz ordaintzen dutenek "mugikorrarekin ordainduko dute, beste edozein txartel balitz bezala, eta estabelezienduek momentuan bertan jasoko dute erosketaren zenbatekoa", azaldu dute. Guztira Durangaldeko 150 establezimendutan erabili ahalko da opari txartel digitala.