"Espainiako gobernuak Saharako auzian izan duen jarrera aldaketa migrazio eta baliabide naturalen politiken ondorio da"

Anboto 2022ko urr. 8a, 10:30

Salahdin Abdala kazetaria eta preso ohia da. Lau urteko espetxealdia egin du Marokoko kartzeletan, "independentzia, askatasuna eta autodeterminazioa eskatzeko manifestazioetan parte hartzeagaitik". Orain, Nushatta Fundazioaren bitartez, kazetaritza lanak egiten ditu "Saharako herriak bizi duen mina nazioartean zabaltzeko".

Zelan zaude?
Ondo nago, baina egoerak bere horretan jarraitzen du. Ez naiz geldituko Sahararen askatasuna eta independentzia lortu arte.

Lau urteko espetxealdia egin duzu Marokon, Sahararen askatasunaren aldeko manifestazioetan parte hartzeagatik. Orain ere Sahararen aldeko mezuak zabaltzen dituzu nazioartean. Arriskuan zaude?
Lau urteko faktura ordaindu dut Marokoko kartzeletan, kazetaria izateagaitik bakarrik. Kazetarien eskubideak aldarrikatu gura ditut. Baina horrek ez dit niri bakarrik eragiten. Nire familiari ere eragiten dio. Baliabide ekonomikoak direla eta, nire anai-arrebei ez diete goi-mailako ikasketak amaitzen utzi. Bestalde, Nushatta Fundazioari ez diote lana behar den moduan egiten uzten. Preso dauden sahararrik gehienak kazetariak dira. Marokok uste du Nushatta dela bere etsai nagusia.

Zenbat preso eta desagertu dago lurralde okupatuetan?
Momentu honetan, 40 baino gehiago dira Marokoko kartzeletan preso dauden sahararrak. Eta desagertuak 500 baino gehiago. Gainera, horri gehitu behar zaizkio Marokoko gobernuak desagertu horiek topatu ahal izateko ipintzen dituzten oztopoak. Lehentasunetariko bat Mohamed Basiri topatzea da, 1970ean Espainiako gobernuak Marokori entregaturiko lider sahararra aurkitzea. 

Zein da Afapredesak nazioartean duen errekonozimendua?
Erakunde askoren babesa dugu. Human Rights da euretariko bat, Amnesty International beste bat. Presoei dagokienez, Europako Parlamentuak sarri defendatu ditu euren eskubideak. 

2020ko azaroan gerra giroa berpiztu zen Fronte Polisarioaren eta Marokoren artean. Zein da egungo egoera?
Nazio Batuen Erakundeak egoera aldatzeko ezer egiten ez duela ikusirik, Saharako herriak armak hartu behar izan ditu berriro. Urte hauetan zehar, bake akordioa egon da indarrean, baina Saharako herriaren sufrimenduak bere horretan jarraitu du. Esate baterako, gure fundazioan, Nushattan, kazetaritza lanak egiten ditugu Saharako Lurralde Okupatuetan. Gaur egun ez digute lana behar den moduan egiten uzten.

Zein egoera bizi dute Lurralde okupatuetan bizi diren sahararrek?
Marokoko gobernua Saharako kulturari loturiko guztia aldatzen hasi zen 1975ean. Herritarrek bizitzaren aspektu guztietan bizi dute sufrimendua. Baliabide naturalak ustiatzeko eskubideak ez dituzte sahararrek, autoktonoek; marokoarrek baino. Eta frogatuta dago itsasotik harturiko arraina eta fosfatoa ez direla Saharako herritarrentzat. Marokoko erregearentzat eta bere aliatuentzat dira. Bien bitartean, Marokok dio Mendebaldeko Sahara paradisu bat dela, eta hori ez da horrela. Infernu bat da. Sahararrok ez dugu ezelako eskubiderik han.

Espainiako gobernuak Saharako auziarekiko jarrera aldatu zuen martxoan. Zer dago jarrera aldaketa horren atzean?
Espainiak Marokoren pausoei jarraitzen die. Pedro Sanchez presidenteak Marokoko erresuma dauka orain aliatu modura. Hau guztia migrazio eta baliabide naturalen politiken ondorio da. Espainiako gobernuak bertan behera utzi ditu Saharako herriagaz zituen ardura guztiak. Izan ere, Espainia da sahararrek bizi duten sufrimenduaren lehenengo erantzulea. Pedro Sanchez presidentearen erabaki txar bat gehiago da Espainiak urte hauetan guztietan harturiko erabaki txarren zerrendan. Dena dela, gauza bat da ziurra: Saharak independentzia lortuko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!