Durangoko jaietako barrakak bariku honetan zabalduko dituzte eta martxan egongo dira urriaren 23ra arte. Urriaren 20an, baina, Umeen Eguna izango da. 2,5 euro barik, 1,5 euro balioko du barraketako bidaia bakoitzak.
Horrez gainera, udalak soinurik bako ordutegi tarteak ezarri ditu sentsibilitate berezia duten umeengan pentsatuta. Hau da: urriaren 14an, 17an eta 21ean, 17:00etatik 19:00etara bitartean, barraketan ez da musikarik egongo. “Badakigu pertsona batzuek gaixotasun edo sentsibilitate bereziak dituztela, eta urteetan ezin izan dutela barrakez gozatu, musika jasan ezin zutelako. Hori dela eta, barraketako arduradunekin negoziatu dugu, durangar guztiek ordutegiez gozatzeko aukera izan dezaten”, azaldu dute Julian Rios alkateordeak eta Iker Urkiza zinegotziak. Era berean, barraketako musika, arrazista, sexista edo homofoboa ez dadin izan, eta euskara lehenesteko eskatu die udalak barrakei.