Euskadiko Lehenengo Mailan dabilen Tabirako Baqué emakumeen talde nagusiak denboraldiko lehenengo garaipena lortu zuen atzo Durangon, ligako bigarren jardunaldian. Aurkaria ez zen edonor, Gasteizko Araski ahaltsua baino, baina Antxon Imazek zuzentzen duen taldeak partidu bikaina jokatu zuen, batez ere, defentsan. Gasteiztarrek ezin izan zuten 35 puntu baino gehiago sartu. Datu horrek ondo islatzen du durangarren lana.
Gizonak, ligan zentratuta Euskal Koparen ostean
Gizonen talde nagusiak, berriz, asteburuan hasiko du EBA mailako denboraldia. Zapatuan, 19:00etan, Iruñeako Megacalzado Ardoi hartuko du Landako Kiroldegian. Durangoko taldea ligan zentratuko da Euskal Kopan aritu ostean. Joan zen asteburuan, 55-81 galdu zuen finalerdietan Bilbao Basket taldearen aurka. Bigarren laurdeneko erdira arte Tabirako Baquek hortzak erakutsi zizkion Bilboko taldeari: 28-28. Azken txanpan bilbotarrek aurrera egin zuten (28-37) eta bigarren zati osoan askoz gehiago izan ziren.
Tabirako-Bilbao Basket partiduko irudia. (Argazkia: Bizkaiko Saskibaloi Federazioa)