Durangoko LGTBIQ+ komunitateko talde batek Kuir Eztanda sortu du. "Arau zisheterosexuala arrakalatzen" dutenen arteko talde berria. Hain zuzen ere "hautsak harrotuko dituen ekimena" iragarri dute urriaren 15erako: 'Karropoteo transmaribibolloa'. Egitasmoa jaien barruan egingo dute, urriaren 15ean, 18:00etan Pinondotik hasita. Baina antolatzaileek argi utzi dute haien mugimendua "geratzeko asmoz" etorri dela. Hain zuzen ere, "bigarren maila batean, erdi ezkutaturik, armairu barruan" egondako herritarrak "begien aurrean" ipiniko dituztela adierazi dute. "Izateko, sentitzeko, mugitzeko zein okupatzeko milaka modu daudela erakutsi" gura dute, "ez bat eta bakarra". Alde horretatik, arau zisheterosexuala "eztanda araztea" da euren asmoa. "Durango bizi gura dugu. Ez gaituzue berriro sexiliora bidaliko. Gure erara maitatu eta biziko gara. Gura dugun moduan, gura dugun lekuan", adierazi dute hedabideetara bidalitako oharrean.
Esan bezala, Kuir Eztanda geratzeko etorri da. "Urteko 365 egunetan" landu gura du bere borroka. "Txapak eta banderak ondo daude, baina ez gaituzte asebetetzen. Ez ditu gure eguneroko arazoak konpontzen" diote. Saretzea "ezinbestekoa" da euren berbetan, "armairuak leherrarazteko, autodefentsa transmaribibolloa erdigunean" ipintzeko. Bestalde, Kuir Eztandak errefusatu egin du Pride lez ezagutzen den desfile mota. (Ekainaren 28ko Harrotasunaren Egunean hiriburu handietan egin ohi den karrozen desfilea). Eurena "agintari ekonomikoen logika merkantilistatik" kanpo dagoen mugimendua dela azpimarratu dute.