Durangoko ostalariek zabalik dute Gastrobonuen kanpainan izena emateko epea

Anboto 2022ko urr. 4a, 10:34

Kanpaina azaroan martxan ipintzea gura du Durangoko Udalak. Guztira 5.200 bonu kaleratuko dituzte. 

Durangoko Udalak Gastrobonuen kanpaina berria hasiko du laster. Aurreikuspenen arabera, azaroan. Hori dela eta, udalak ostalariei dei egin die kanpainan izena ematera. Egitasmora 26.000 euro bideratuko dituzte eta 5.200 bonu ipiniko dituzte zirkulazioan, herritarren eskura. 

Kanpainara batu gura duten ostalariek Herritarrentzako Arreta Zentrora edo Udalaren Egoitza Elektronikora jo behar dute. Atxikitako erakundetzat hartuko dituzte Durangokoak diren eta gehienez 10 langile dituzten sukaldaritzako eta ostalaritzako establezimenduak, baldin eta indarrean dagoen udal irekierako lizentzia edo baliokidea badute, kategoria hauen barruan: I, II, III, IV, edo C.

"Lehen deialdiaren arrakastaren ondoren, berriro errepikatzen ditugu Gastrobonuak, oso tresna erabilgarria baitira tokiko ostalaritzan kontsumoa sustatzeko, duela urtebete egiaztatu ahal izan genuen bezala. Bi urte oso gogorren ondoren, erakunde publikook ekonomia suspertzen lagundu behar dugu, eta azken urteotan Merkataritza Bonuekin eta duela urtebete Gastrobonoekin egin dugun apustu garrantzitsuak erakusten digu oso tresna erabilgarriak direla”, adierazi dute udal arduradunek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!