“Askotan besteak lasaitzeko izaten dira azalpenak, eta nik ez ditut eman gura”

Aritz Maldonado 2022ko ira. 30a, 11:00

Jone Ertzilla Etxegibel (Durango, 1999) durangarrak bere lehenengo erakusketa inauguratuko du barikuan. Durango Sor(tzaileen) leku bekaren laguntzagaz egin ahal izan du 'E x 3' erakusketa. Besteak beste, artistek lan egiterakoan “askatasun osoz” lan egin ahal izateak duen eragina azpimarratu du Ertzillak.

Zer da E x 3 (e bider hiru irakurtzen da)? Proiektua beka jaso aurretik zenuen buruan?
Karrera amaitu berritan nengoen beka eskaera egin nuenean, Gradu Amaierako Lana egin berritan. Arte Ederretan, erakusketa bat egitetik hurbilen dagoen lana da GRALa, osorik kontrolatu behar duzu, eta E x 3 hortik dator. Niretzat formula bat da, baina, aldi berean, ez da ezer. Beka eskatu nuenean horrela deitu nion, baina beste modu batera deitu niezaiokeen. Zentzua badu, niretzat etxe bat eta bihotz bat delako da, baina ez da hori. Beste zeozer eraikitzeko erreminta lez erabili dut.

Laguntzen dute Durango Sor(tzaileen)lekuren moduko bekek?
Ni orain dela gutxi hasi naiz, karrera oraintsu amaitu dut eta. Karreran ez zara konturatzen zertan zabiltzan azken urtera arte edo; beharbada ezta gero ere. Askotan gertatzen zait ez naizela gai zertan nabilen azaltzeko; gauzei berbak ipintzen dizkiegu, zertan gabiltzan ulertzen dugula adierazteko. Nik badakit zertan nabilen, baina batzuetan ez dakit zelan azaldu. Egia esan, horrelakoek laguntzen dute, batez ere konfiantzagaz lan egin dezakezunean eta askatasun osoa uzten dizutenean. Eskertzen da, eta horixe izan beharko litzateke lan egiteko era.

Egin dezala berba obrak?
Historian zehar, obrak ikusterakoan, diskurtso bat eman zaie, zergaitik aukeratu den kolore bat adibidez, baina ez dut uste kolore horren erabileraren arrazoia jakiteagaitik heldu daitekeenik koadro hori beste modu batera disfrutatzera. Horrek mugatu egiten duela iruditzen zait, eta, batzuetan, ez dela ulertu behar iruditzen zait. Ziurrenik, obraren bat ikustean ez da ezer pasatzen, niri ere gertatzen zait. Baina beste batzuetan zeozer gertatzen da, zeozerk zeharkatzen zaitu, eta uste dut horrek duela benetako garrantzia. Lehen ere esan dut, ni ez naizela gai azaltzeko zergaitik egin dudan gauza bat edo bestea. Zergaitik leihoan? Zergaitik horrela moztuta? Askotan besteak lasaitzeko dira azalpen horiek, eta nik ez ditut eman gura. 

Karreran zein bide aukeratu ez dakizula ibili zinela diozu. Orain bai?
Egia esan, ez dut bide konkretu bat hartu beste batzuek hartu dezaketen moduan. Nik ez dut diziplina konkreturik, ez dut bakarrera mugatu gura, eta nire inguruan, fakultatean behintzat, inor ere ez dabil ezer konkretua egiten. Elementu batzuk, beharbada, oso barneratuta ditut, eta konstante bat izan daitezke nire lanetan, irudi batzuk adibidez, baina ez naiz lotzen diziplina konkretu batera. Lan asko egiten dut irudiekin, proiekzioak adibidez, edo marrazkiak, nahiz eta nik ez marraztu, beste elementu batzuekin ondo geratzen direlako.

Zer ikusiko du museora doanak?
Bideoproiekzio handi bi daudela esan dezaket; pegatina asko ere bai, lehen esan dudan irudi handi hori osatzen dutenak. Leihoetako kristaletan ere irudi batzuk egongo dira, kanpotik ikusi daitezkeenak. Gogoa nuen kanpo-barru horma hori apurtzeko, museo kanpotik erakusketaren zati bat ere eskaini ahal izateko horrela, eta aldi berean erreminta lez erabili gura nuen, barruko espazioa iluntzeko baliagarria zitzaidalako. Neurri batean lortu dut, baina ez nire buruan hasiera batean zegoena, izan ere, irudia kanpotik baino ez ikustea gura nuen, eta aldi berean iluntzea gura nuen, baina ez dut lortu material hori inprimatzea. Sarri ideia bategaz lan egiten duzu, horretan ipintzen duzu atentzio guztia, eta, horrelakoetan, aldi berean zeure burua mugatzen zabiltzala uste dut. Kasu honetan, adibidez, nire buruan zegoen material hori ez lortzeari eskerrak, erakusketak beste zeozer eskaini dezakeela uste dut, hori irabazi dut. Imajinazioa hainbeste erabiltzea ere onuragarria dela uste dut. Bideoekin, adibidez, gauza asko egin dezaket; ohituta nago unibertsitaterako hango gauzekin lan egiten, baina honek asko ikasteko balio izan dit.

Natalia Ginzburg, Virginia Wolf eta Marguerite Duras aipatzen dituzu katalogoan. Zergaitik?
Udan irakurri ditudan idazleak dira. Iruditzen zait eurek hobeto azaltzen dutela nik esan gura nuena; beraz, ondo iritzi nion eurak katalogora ekartzea.

Azarora arte, bost durangarren lanak museoan

Azarora arte, bost artista durangarren erakusketak ikusi ahal izango dira Durangoko Arte eta Historia museoan, guztiak Durango Sor(tzaileen) leku bekekin sarituak. Jone Ertzillaren E x 3 urriaren 23ra arte bitartean egongo da ikusgai. Horren ondoren, Nerea Gastonen Lavaderos de Barrenkalea, Karlos Martinezen Un agujero en el cielo eta June Baonzaren Ama ta asunak egongo dira ikusgai. Ismael Iglesiasen Begizulo izan zen lehenengoa. "Garrantzitsua da durangarren lanak ere museoan erakutsi ahal izatea", azpimarratu zuen aurkezpenean Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak. Guztira, Durangoko Udalak 16 proiektu kulturali lagundu die bekaren bitartez, 95.000 euro banatuta .
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!