Durangoko jaiak

Durangoko jaiak indarberrituta datoz 175 ekitaldi baino gehiagorekin

Ekaitz Herrera 2022ko ira. 29a, 13:35

Nobedade modura, ekitaldiak auzo guztietara zabalduko dituzte eta irisgarritasun arazoak dituztenentzako, egoitzetan daudenentzako, txupinazo nagusia streaming bidez emango dute. Bestalde, Patxikotxu eta txosnaguneko Pantxike pertsonaiak batera egongo dira txupinazoan, lehen aldiz.

Dena dago prest. Txapligoak piztu eta jaia herri osora zabaltzea baino ez da falta. Durangoko jai batzordeak, txosna batzordeak eta udal agintariek aurtengo sanfaustoetako egitaraua zein izango den argitu dute. Guztira 175 ekitaldi baino gehiago batu dituzte programan, 2019koetako 110ak atzean utzita. Nobedadeen artean, honako ezaugarri hauek batu dituzte: ekitaldiak herriko auzo guztietara zabalduko dituzte eta txupinazo nagusia internet bidez eskainiko dute, irisgarritasun arazoak dituztenengan pentsatuta, egoitzetan daudenentzat, adibidez. Ekitaldia streaming bidez eskaintzeko modu hori beste bi ekitalditara zabaltzeko "ahalegina" ere egingo dutela jakinarazi du Laura Vallejo kultura teknikariak. "Ahaleginduko gara Egan taldearen eta Los Cinco Bilbaínos taldeen emanaldiak ere streaming bidez eskaintzen", adierazi du. Horrez gainera, bada berrikuntza sinboliko bat. Patxikotxu eta txosnaguneko Pantxike pertsonaiak batera egongo dira udaletxeko txupinazoan, lehen aldiz.

Bestalde, ekitaldiak auzoetara eramateko ahalegin horretan, honako ekintza hauek programatu ditu udalak: Azabache orkestraren ikuskizuna Madalenan, umeentzako ekitaldiak Intxaurrondon, Zirkinik Bez taldearen erromeria Otamotzenan, txikientzako gunea Barandiaran kalean eta musika klasikoko kontzertuak Bartolome Ertzilla Musika Eskolan. Barrakak, berriz, erdigunetik gertuago egongo dira aurreko urteekin alderatuta, TADUko aparkalekuan.Jaiak prestatzeko aurrekontua "350.000 eurokoa" izan dela adierazi du Julián Ríos alkateordeak. "2019koa 227.000 eurokoa izan zen".

"Ez beti da ez"

Ima Garrastatxu alkateak eraso bako jaiak izatea aldarrikatu du. Argi utzi du "ezetza beti dela ezetza". "Denen arteko zaintza eta errespetua eskatu gura dut. Ez beti da ez. Hori dela eta, eraso sexisten eta homofoboen kontrako protokoloa indartu dugu txosnagunearekin elkarlanean". 747459584 telefonoa jaiek iraun bitartean egongo da operatibo, urriaren 12tik 16ra eta 21etik 23ra. Horrez gainera, Gune Morea egongo da txosnagunean, Landako Gunearen eta Plateruenaren arteko eremuan. 22:00etatik 01:00etara egongo da zabalik, urriaren 14an, 15ean, 21ean eta 22an.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!