[BIDEOA] Montevideo eta Durango senide dira gaurtik

Ekaitz Herrera 2022ko ira. 27a, 13:56

Sofía Espillarrek, Montevideoko Departamentuko Batzordeko presidenteak, eta Ima Garrastatxuk, Durangoko alkateak, "aberasgarria" izango den lankidetza hitzarmena sinatu dute eguerdi honetan. 

Uruguaiko hiriburuko agintariek eta Durangokoek hartu emanak hasi zituzten duela urtebete, eta ordu hartan martxan ipinitakoak gaur ikusi du argia. Gaurtik, Durango eta Montevideo elkarrekin senidetuta daude. Eta hori halantxik dela ziurtatzeko, alde bietako ordezkari gorenek ituna sinatu dute gaur Durangoko udaletxean. Sofía Espillarrek, Montevideoko Departamentuko Batzordeko presidenteak, eta Ima Garrastatxuk, Durangoko alkateak, sinatu dute senidetze eta lankidetza ituna. Ekitaldian parte hartu dute Durangon ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek eta Montevideotik ailegaturiko delegazio batek.

Ima Garrastatxu alkateak azpimarratu du hitzarmena "aberasgarria" izango dela. "Hitzarmena emankorra izango da, esperientzia aberasgarriak ekarriko dituena eta alaitasuna ere ekarriko diguna", adierazi du sinadura egin aurretik. Horrez gainera, argi utzi du gaur egungo betaurrekoekin hasiko dutela hitzarmena, "kolonialismoa atzean utzita", eta "feminismoan" zein jasangarritasunean eraginda. Durangoko alkateak euskal kultura ezagutzeko gonbitea ere egin die Montevideoko kideei. Sofía Espillarrek, bestalde, adierazi du hitzarmena "lehentasuna" eta "funtsezkoa dela. "Gure arbasoek historian batu gintuzten. Historiari ekarpena egin zioten. Gaurkoa historikoa da Montevideoko Departamenduko Batzordeak Europan egiten duen lehenengo senidetzea delako. Ohore bat da Europako lehen senidetze hori Euskal Herrian egitea", gaineratu du. Sinadura ekitaldia bukatuta, ordezkaritza biak Durangoko Montevideo kalera joan dira. Han senidetzeari loturiko plaka ipini dute. Arratsalde honetan herritar guztiei irekitako ekitaldi kulturala egingo dute San Agustin Kulturgunean.

Bruno Maurizio Zabala durangarrak Montevideo hiria sortu zuen. Uruguaiko hiriburuan haren omenezko estatua eta plaza daude. Leku berean Durango izeneko errotonda ere badago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!