[BIDEOA] Pentsiodunek banketxeen "jardunbide txarrak" salatu dituzte Durangon

Ekaitz Herrera 2022ko ira. 26a, 14:03

Eguerdi honetan manifestazioa egin dute. Euren arabera banketxeen zerbitzuak "zenbait alderditan hobetu" dira, baina, "oraindik ere urruti dabiltza pandemiaren aurreko egoerara bueltatzeko: ez zaie erantzun landa-eremuei, auzo periferikoei, komisioak kobratzeari edo kutxazain automatikoak ixteari", diote.

Durangoko pentsiodunek manifestazioa egin dute eguerdi honetan. Udal plazatik abiatuta, Durangoko erdiguneko banketxeetara joan dira protestan, sukurtsaletako "praktika txarrak" salatzeko. Pentsiodunek adierazi dute "protestekin hasi zirenetik hainbat arazo zuzendu" direla, baina gaineratu dute "oraindik" ez dela behar bezalako zerbitzu bat ematen. Euren arabera, gaia hainbat alderditan "hobetu" da. Ordutegietan eta aurrez aurreko arretan, adibidez. "Baina beste batzuetan berdin jarraitzen dute, eta oraindik ere urruti dabiltza pandemiaren aurreko egoerara itzultzeko: ez zaie erantzun hirietako landa-eremuei eta hiriburuko auzo periferikoei, komisioak kobratzeari, kutxazain automatikoak ixteari edo zerbitzu eskasiari", adierazi dute. Pentsiodunen mugimenduak jakinarazi du lanean jarraituko dutela "erakunde guztiek" euren eskaerak "aintzat har ditzaten". Horrez gainera, Hego Euskal Herriko udaletxeetara mozio bat eramango dute banketxeen "praktika txarrak" amaitu daitezen eskatzeko. 

Autobusa Madrilera

Durangoko pentsiodunek urriaren 15ean Madrilera (Espainia) joateko deia egin dute. Egun horretan Espainiako Autonomia Erkidego guztietatik joandako pentsiodunek bat egingo dute han, eta Durangaldeko pentsiodunen mugimenduak autobus bat ipini gura du bertara joateko. Han aldarrikatuko dituztenak ildo bitan laburtu dituzte. Batetik, azken hilabeteotan batutako sinadurak entregatuko dituzte Diputatuen Kongresuan. "Pentsioak igo daitezen eta erosahalmena benetakoa izan dadin" eskatuko dute, modu horretan. Bestetik, "aurten etorriko denari" aurre egiteko batuko dira. Pentsioen erreforma berriaren aurrean, "pentsioak doitzea" eskatuko dute, "adinduek eta pentsiodunek bizi duten prekarietatea" atzean uzteko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!