Montevideoko delegazio bat Durangora etorri da, hiri bien arteko senidetzea egitera

Anboto 2022ko ira. 26a, 11:30

Atzo ailegatu ziren Durangora. Bihar senidetze eta lankidetza akordioa sinatuko dute, bi herriak lotzen dituzten lotura historiko eta kulturalak direla eta. Senidetzea bihar eguerdian egingo dute. Arratsaldeko 19:00etan ekitaldi irekia egingo dute San Agustin Kulturgunean.

Eguerdian, udaletxean egingo den ekitaldian, Durangoko eta Uruguaiko hiriburuko ordezkariak batuko dira. Tartean izango dira Marcos Picornell kontsul uruguaiarra eta Sofia Espillar, Montevideoko Departamentuko Batzordeko ordezkaria. Durangoko udal iturriek azaldu dutenez, hiri biak "lotura historiko eta kulturalak" direla eta batuko dira, aurrera begirako "lankidetza" hasteko. Arratsaldean, berriz, herritarreki begirako ekitaldi kultural bat egingo dute San Agustin Kulturgunean. 19:00etan izango da. Hitzarmenaren helburuak honako hauek direla jakinarazi du udalak: kulturaren eta artearen alorretan lankidetza eta esperientzien trukea sustatzea; proiektuak trukatzea eta eraikitzea erraztuko duten lankidetza inguruneak sortzea sustatzea; eta Durango eta Montevideoren arteko elkarrekiko ezagutza bultzatzea, ondare historiko eta kulturalen, migrazioaren ondarearen eta biztanleen arteko topaketaren bitartez.

Bruno Maurizio Zabala durangarra izan zen Montevideo hiriaren sortzailea. "Oso jende gutxik daki zer lotura zuzen ditugun durangarrek Uruguaiko hiriburuarekin, eta senidetze horrek lotura horiei balioa eman nahi die. Esaterako, Montevideoko erdigunean, katedraletik eta Konstituzio plazatik oso gertu, Zabala plaza kokatzen da, eta bertan Bruno Mauricio de Zabalaren monumentua dago, Durango izeneko errotondak inguratzen duena. Historikoki lotu gintuzten eta hainbeste urteren ondoren batzen gaituzten lokarrien adibide txiki bat da”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!