“Geroago eta jazz jaialdi txiki gehiago dago eta guretzat aukera ona dira”

Aritz Maldonado 2022ko ira. 25a, 10:20

Dozenaka proiektutan ibilitakoa (eta dabilena) da Mikel Núñez musikari durangarra: Mississippi Queen, Josu Bergara eta Bilbao Lindy Band, besteak beste. Josu Salegigaz, Jon Ander Amigogaz eta Unai Olabarrigaz batera, Xahu jazz laukotea sortu du. Oraintsu, Gero gerokoak diskoa kaleratu dute, Errabal zigiluagaz batera. Hainbat kontzertu eman dute taldea sortu dutenetik.

Zer da Xahu?
Lagun arteko talde bat da. Denok elkar ezagutzen genuen lehendik, Musikene Goi Mailako Musika Ikastegian ikasitakoak gara eta. Aspaldiko partez, elkarregaz jotzeko geratu ginen laurok, gure abesti eta ideia propioak abiapuntu hartuta. Handik denbora batera, kontzertu bat emateko proposamena jaso genuen, eta hor entsegu lokalekoari forma ematen hastea erabaki genuen.

Ibilbidea oso naturala izan da, beraz.
Bai, oso natural sortu zen dena. Lau lagun geratu ginen entseatzeko, elkarregaz jotzearren, eta gero Bilboko Hacería Jazz Clubeko proposamena etorri zen. Talde egoiliar lez aritu ginen bertan.

Aurretik talde ugaritan ibilitakoa zara, eta musikari askogaz ere aritu zara. Xahu gehiago hurbiltzen da zuk gura duzun horretara?
Proiektua martxan ipini genuenean, bakoitzak bere proposamenak ekarri zituen eta, hori dela eta, diskoa apur bat heterogeneoa geratu dela esango nuke. Nik neure proiektu lez sentitzen dut. Beste kasu batzuetan, beste musikari batzuen musika jo izan dut; beti ahalegindu naiz neure ekarpenak egiten, ahal izan dudan neurrian, baina beti besteen esanetara. Kasu honetan ez, denon artean hartzen ditugu erabakiak. Hemen guztiz libre nago.

Diskoa heterogeneoa geratu dela diozu. Zelan definituko zenuke Xahu?
Jazza da. Eta jazzaren barruan, esan dudan moduan, oso disko heterogeneoa geratu zaigu, estilo askotatik edaten dugulako, bai doinu tradizionaletatik eta baita garaikideetatik ere. Ez dakit zelan sailkatu, jazz garaikidea dela esango nuke, nahiko ikutu tradizional bategaz. Azken finean, XXI. mendean gaude eta jazza egiten gabiltza.

Non dago salgai diskoa?
Oraingoz, webgunean dugu salgai. Dena dela, Errabal zigiluagaz kaleratu dugu eta badakigu dendetan ere hasia direla banatzen. Horrez gainera, hurbileko norbaitek erosi gura izanez gero, mezu bat bidali diezaguke. Plataforma digitaletan ere entzugai dago jada.

Diskoa grabatzen ala zuzenean moldatu zarete hobeto?
Grabatzen ere bai, baina zuzenean oso gustura ibili gara. Abestiak oso barneratuta ditugu eta kontzertu bakoitza ere desberdina izan da. Publikoaren eta lekuaren arabera ere gehiago edo gutxiago jolastu ahal izan dugu. Baina oso gustora denetan. Oraingoz, ez daukagu beste kontzerturik lotuta, baina kontzertu bila gabiltza. Ea udazkeneko edo neguko zikloetan sartu gaitezkeen. Zerbaitek irtengo du, baina ez dugu data zehatzik itxita oraindino.

Hainbat kontzertu egin duzue hile hauetan.
Apirilean diskoa grabatu genuenetik, nahikoa ibili gara. Ez dugu kontzertu askorik egin, gatxa delako kontzertuak lotzea. Debako Jazzez Blai jaialdian, Munijazzen, Villalacreko La Noche Encendidan, Bilboko Guggenheim museoan... iaz Bilboko Bidebarrieta liburutegian ere egon ginen. Kontzertu txiki gehiago ere eman dugu.

Geroago eta jazz jaialdi gehiago dagoela esango zenuke?
Bai, nabaria da geroago eta jazz jaialdi txiki gehiago dagoela. Batez ere, udan egiten diren ziklo txikien kopurua hazi da. Guretzat beste aukera bat da horiek hor egotea, oso ezagunak diren jaialdiez gainera. Adibideetariko bat lehen aipatu dizudan Munijazz jaialdia da. Munilla Errioxan dagoen herri txiki bat da; 200 bat biztanle ditu neguan, baina udan izugarri hazten da bertako biztanleria. Neguan ez da ia ezer egoten, baina oraintsu lagun biko lantalde bat batu da, jazzagazko interesa dutenak, eta oso jaialdi interesgarria egin dute. Eta horrelako herriak geroago eta gehiago daude, zerbait egin gura duten lagunak batu, eta egin egiten dutenak. Ea jazzaren moda hau harrapatu eta aprobetxatzeko aukera dugun!

Xahu, Musikeneren ondorengo elkargunea den proiektua

Xahu osatzen duten taldekideek dozenaka proiektutan parte hartu dute Xahuren aurretik, eta gaur egun ere hala dabiltza. Hala ere, euren lehentasunetako proiektutzat dute hau. Unai Olabarri bateria-jotzaileak Herbehereetarako bidea hartu zuen Musikeneko ikasketak amaitu eta gero, eta handik AEBetara jo zuen, ikasketak jarraitzeko. Deborah Carter, Dave Glasser eta Andrzej Olejniczak musikariekin aritu da, besteak beste. Jon Ander Amigo baxu-jotzaileak Mr Bop Trio eta Charlie Don´t jazz proiektuetan aritu da. Josu Salegi saxofonistak Brenda Holloway eta The Contours taldeekin igo da oholtza gainera, besteak beste. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!