"Ligatzeko uste dut dantzan hobeto modaltzen naizela sukaldean baino"

Aitziber Basauri 2022ko ira. 23a, 15:00

Urtebete inguru da Mikel Sarrionandia Durangon bizi dela, eta kazetaritza ikasketak hasi berri ditu. ETB1eko 'Jateko modukoa' telebista saioan ikusi dugu, sukaldaritza eta hartu-emanak uztartzen dituen saioan. Esperientzia gomendagarria izan dela dio.

Zelan animatu zinen 'Jateko modukoa' telebista saioan parte hartzera?
Kasualitatez izan zen. Castinga egiten zebiltzala eta animatuko ote nintzen galdetu zidaten eta, oporretan nengoenez, eta ez neukanez gauza handirik egiteko, baietz esan nuen. Esperientzia bizitzeko animatu nintzen, telebistaren mundua ezagutzeko, zer sentitzen den jakiteko. Lehenengoz parte hartzen nuen casting batean. Oso gustura egin nuen, barre mordoa egin nuen. 

Eta zelakoa izan da esperientzia? 
Esperientzia ederra izan da, gomendagarria. Oso ondo pasatu dut eta lagunak egin ditut. Gainera, asko sartu nintzen paperean, bachata ere dantzatu nuen! Benetan gustura aritu nintzen. 

Errepikatzeko moduko esperientzia izan da orduan?
Bai, baina kontrara, nik kozinatu barik inork kozinatutakoa nik probatzeko. Aukera hori izatea gustatuko litzaidake.

Sukaldaritzaren bitartez jende berria ezagutzeko aukera izan duzu  'Jateko modukoa' saioan. Zelan moldatzen zara sukaldean?
Justutxo nabilela esango nuke, ikasteko prozesu horretan murgildua nago oraindino, apurka-apurka. Moldatzen naiz zeozertxo, baina asko dut ikasteko.

Orduan, erronka handia izan da zuretzat errezeta eduki barik zegokion platera kozinatzea.
Bai, kutxa zabaldu eta osagaiak ikusita prestatu behar genuen platera, eta ni neu behintzat harrituta geratu nintzen zeuden osagai guztiekin. "Zer egin behar dut nik zelan deitzen den ere ez dakidan osagai honegaz?", pentsatu nuen. Beste mahaietan zer egiten zebiltzan ikusita, apur bat disimulatuz... moldatu naiz.

Uste duzu janari on bat prestatuta inor konkistatu daitekeela?
Horregaz bakarrik ez dut uste, egia esan behar badut. Beste zeozer behar da. 

Kubatarra izanik, sukaldaritza baino gehiago dantza gurago izango duzu ligatzeko.
Bai, dantzagaz hobeto moldatzen naizela esango nuke. Kubako lagunekin konparatuz gero, galtzen irtengo naiz, baina, hemen, ostera, irabazten. Momentuan sortzen denaren araberakoa da ligatzearen kontua.

Zein jakigaz identifikatzen zara zu?
Ez dakit, ba! Arroz-esneagaz, adibidez. Gozoa naizelako, atsegina (barrez). 

Zer gurago duzu, euskal gastronomia ala kubatarra?
Ez dut euskal gastronomia gutxietsi gura, oraindino harri eta zur nago euskal gastronomiagaz, egokitze prozesuan galduta. Baina gastronomia kubatarragaz herrimina daukat oraindino. Beraz, bat aukeratzekotan, gurago dut gastronomia kubatarra, askogaitik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!