2021ean jaiotako umeak omenduko dituzte Durangon

Anboto 2022ko ira. 22a, 09:27

Durangoko Udalak 2021ean Loratua izenpean aurkeztu du egitasmoa. Omenaldia urtez urte errepikatzea gura dute. 

Durangoko Udalak omenaldia eskainiko die 2021ean udalerrian jaiotako umeei eta haien gurasoei. Ekitaldia urriaren 9an egingo dute, Landako Gunean. Bertan egingo diete harrera bai umeei eta baita gurasoei ere. Ume bakoitzak Amaia Lejarreta Onaindia artista durangarrak eginiko eta 2021ean Loratua inksripzioa daukan zapia jasoko du ekitaldian. "Energia gara, etengabe loratzen ari garen lore sorta ederra. Ongi etorri 2021ean loratu zareten guztiei", adierazi du artista durangarrak.

Udalak jakinarazi duenez, familiek ekitaldira joateko gonbidapenak jasoko dituzte etxeetan, datozen egunetan. Asistentzia konfirmaziorik ez dela behar ere argitu dute. Ekitaldian zehar Amaia Lejarretaren zapia ipiniko zaie ume jaioberriei. Gainera, Lejarretak berak irudiaren mosaiko bat margotuko du ekitaldira gerturatzen diren ume eta gurasoen aurrean.

Udalak ekitaldi hau urtez urte ospatzea gura du. "Aurten 2021ean jaiotakoei egingo diegu, eta datorren urtean 2022ean jaiotakoei. Modu horretara, ongi etorria emango diegu urtero durangar belaunaldi berriei eta haien gurasoei”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julián Ríos alkateordeak. Egitasmo honen arrazoia "umeei hiritartasun aktiboa aitortzea" dela adierazi du udalak, eta duela urte bi Oinherri Herri Hezitzaileen elkarteagaz eta Haurren Hirien Sareagaz sinatutako akordioan kokatu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!