Trafiko segurtasuna lantzeko saioak jasoko dituzte Durangoko 540 ikaslek

Anboto 2022ko ira. 21a, 13:53
2019ko irailean San Agustin Kulturgunean egindako saioa.

Ekitaldiak 'Don't be dummy, zuk ez duzu ordezkorik' du izena. Bihar egingo dituzte saioak, San Agustin Kulturgunean. 10:00etan lehenengoa eta 12:00etan bigarrena.

Segurtasun Sailak Don’t be Dummy, Zuk ez duzu ordezkorik izeneko ekitaldi ibiltariak egiten ditu gazteekin, trafiko-istripuak prebenitzeko helburuagaz. Bada, kanpaina horietako bat Durangora ailegatuko da bihar. San Agustin Kulturgunean bide-hezkuntzari lotutako programa aurkeztuko dute Durangoko ikasleen aurrean. Lehenengo saioa 10:00etan hasiko da. Bigarrena, 12:00etan. Saio biak euskaraz izango dira. Guztira, Durangoko Institutuko, San Antonio ikastetxeko, San Jose Jesuitak ikastetxeko eta Ibaizabal ikastolako 541 ikaslek jasoko dute saioa.

Ekitaldian zehar lau lagunek zuzenean testigantza pertsonalak kontatuko dituzte: Lander San Anton suhiltzaileak, Durangoko Jorge Iruretagoiena udaltzainak, Aitor de Velasco ertzainak eta Alaitz Arbillak, bizkarrezur-muineko lesioa duenak. Bestalde, ekitaldian zehar testigantza gehiagoren bideoak ikusteko aukera egongo da: larrialdietan lan egiten duen medikua, trafiko-istripuek utzitako biktimak… "Lehenengo pertsonan kontatutako testigantza horien bitartez gazteen barrenak mugitzea" lortzen dela diote antolatzaileek. "Bizipen horiek oso hunkigarriak izaten dira eta gazteengan inpaktu handia edukitzen dute", gaineratu dute. Testigantzekin ikasleak sentsibilizatu gura dituzte bide-segurtasunak duten garrantziaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!