Durangon, Tabirako udako igerilekuek 75.000 erabiltzaile izan dituzte, iazko kopurua bikoiztuz

Anboto 2022ko ira. 21a, 12:56
Tabirako igerilekuetako irudia.

Iazko bisitari kopurua bikoiztu egin dute.

Uda honetan Tabirako udako igerilekuetan 75.000 erabiltzailetik gora izan direla iragarri du Durangoko Udalak, Durango Kirolak-en bitartez. "Errekor berria da", ohar batean azaldu dutenez. Datu berri horrek esan nahi du bikoiztu egin dela 2021eko udako bertaratze kopurua, 36.000 pertsona inguru joan baitziren uretako instalazioetara.

“Zifra on hauek erakusten dutenez, jendea Durangon geratzen da eguraldi onaz gozatzeko, eta gustura egoten dira instalazio publikoetan. Duela bi urte ur txorrota batzuk ireki genituen Errotaritxuena parke berrian, eta durangarrek ere Tabira parkean ur txorrotak jartzeko eskatu digute aurtengo Aurrekontu Partehartzaileen bidez”, adierazi dute dute Ane Abanzabalegi eta Patxi Lakuntza udal arduradunek.

Aldi berean, udal arduradunek instalazioetarako inbertsio berriak iragarri dituzte. “Badakigu aldagelarik ez egotea eragozpen bat dela erabiltzaileentzat, eta, horregatik, lanean jarraitzen dugu aldagela berriak eraikitzeko, aurrekoak itxi behar izan baikenituen urte luzez mantentze lanik egin ez zirelako”, esan dute.

Tabirako igerilekuetan azken urteotan izan den bisitari kopurua honako hau izan da:

  • 2022: 75.426 bisitari.
  • 2021: 36.232
  • 2020: 41.837
  • 2019: 55.920
  • 2018: 50.088
  • 2017: 44.118
  • 2016: 48.390
  • 2015: 47.972
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!