Indarkeria matxistaren ondorio psikologikoak aztertuko dituzte Durangon

Anboto 2022ko ira. 20a, 09:46
Andereak elkarteak egindako mobilizazio bat, Durangoko udal plazan.

Psikologian doktorea eta trauman aditua den Carmina Serranok berbaldia eskainiko du hilaren 22an, 19:00etan, Andragunean. Berbaldia Andereak elkarteak antolatu du.

Serranok La costilla rota de Adán liburua aurkeztuko du, bere doktore-tesian oinarritutako lana. Bertan indarkeria matxistaren jatorria, kausak eta ondorioak aztertzen ditu. Aurkezpen lanak "Sarah Berlori ekintzaile feministak eta prostituzio-sistematik bizirik atera denak egingo ditu", Andereak elkarteak jakinarazi duenez. 

Berbaldia baino lehen, 18:30etan, indarkeria matxistaren aurkako hileroko kontzentrazioa egingo dute Andra Marin. Normalean hileko azken eguenetan izan ohi da Andereak elkartearen elkarretaratzea, baina hilabete honetan astebete aurreratu dute, "Carmina Serranoren berbaldiagaz eta Emakumeen, Nesken eta Haurren Esplotazio Sexualaren eta Trafikoaren aurkako Egunagaz", hilaren 23agaz, bat egiteko.

Solasaldi feministak

Andereak elkarteak jakinarazi duenez, urrian solasaldi feministen zikloa hasiko du Andragunean. Hiru hitzordu aurreikusi ditu abendura bitartean. Lehenengoa urriaren 21ean izango da, 18:00etatik 20:00etara, goiko solairuan (ganbaran). Hitzordua zabalik dago interesa duten emakume guztientzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!