DURANGOKO JAIAK

Marisa Barrenak, Amparo Ereñagak eta Landako Eskolako ikasleek jaurtiko dituzte sanfaustoetako txupinak

Ekaitz Herrera 2022ko ira. 19a, 13:49

Urte luzez Durangoko mugimendu sozialetan, batez ere feminismoari eta euskarari loturiko mugimenduetan ibilitako kideak dira Barrena eta Ereñaga. Gaur egun ere badabiltza. Landako Eskolako umeek 2020an jaurti ezin izan zuten txupina botako dute aurten.

Durangoko udaletxeko balkoitik San Fausto jaietako txapligoak nork botako dituen argitu dute gaur. Urriaren 12koa, txupin nagusia, Marisa Barrenak eta Amparo Ereñagak botako dute. Julián Ríos alkateordeak azpimarratu duenez, "urteetan kulturan eta arlo sozialean egindako lana" eskertuko diete horrela. "Bereziki, egiazko berdintasun baten alde egiten duten lanagatik. Plazer bat da horrelako pertsonak Durangon izatea", gaineratu du Ríosek. Marisa Barrena eta Amparo Ereñaga mugimendu sozial askotan ibilitako (eta dabiltzan) herritar bi dira. Besteak beste, Andereak elkarteko kideak dira biak. Barrenak, baina, argi utzi gura izan du txupina ez dutela elkarteko kide lez botako. "Txupina herriko beste eragileekin partekatu gura dugu. Batetik, Durangoko eragile feministekin. Andereak elkarteagaz, Bilgune Feministagaz, Batukandragaz. Euskara munduko eragileekin ere partekatu gura dugu. Euskal Herrian Euskarazekin eta Berbarorekin. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformagaz ere bai", adierazi du Barrenak. Amparo Ereñagak ere antzerako berbak izan ditu: "Gure atzean jende asko dago. Sare plataformagaz, euskal presoen aldeko taldeagaz ere partekatuko dugu txupina", gaineratu du. Txupinerek ez dute balkoitik irakurriko duten mezua nondik norakoa izango den argitu, baina aurreratu dute pregoi "laburtxoa" izango dela eta honako aldarri hau argi eta garbi jasoko duela: "erasorik ez!". Txupina urriaren 12an botako dute udaletxeko balkoitik, 19:00etan.

Landako Eskolako umeak, "pozik"

Landako Eskolako ikasleak urriaren 15ean igoko dira udaletxeko balkoira, txupina Durangoko ume guztien ordezkari lez botatzera. "Oso pozik" daudela adierazi dute gaurko prentsaurrekoan. "Zortea izan dugu guri tokatu zaigulako txupina botatzea. Horrez gainera, oso pozik gaude jaiak bueltan daudela ikusita", adierazi dute. Sei ikasle, Lehen Hezkuntzako ikasturte bakoitzeko ume bana, igoko dira balkoira. Umeen txupina Durangoko ikastetxeetako umeek bota ohi dute, txandaka. 2020an Landako Eskolako ikasleei zegokien txapligoa botatzea, baina izurriagatik dena bertan behera geratu zela eta, aurten kenduko dute orduko arantza hura. Txapligoa urriaren 15ean botako dute, eguerdiko 12:00etan. 

Ima Garrastatxu alkateak adierazi du udala "pozik eta gogotsu" dagoela jaietarako. "Hiru urte eta gero batuko gara berriro. Hemen gaude", adierazi du. Horrez gainera, alkateak balioan ipini du "jai batzordea egiten dabilen lana. Indartuta etorri dira. Eta hori erabat eskertzekoa da", esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!