“Eibarren aurtengo jokamoldea ondo datorkit, jokalari azkarra naizelako"

Joseba Derteano 2022ko ira. 16a, 17:00

Landako eskolan eman zizkion lehenengo ostikadak baloiari Irati Martin Rodriguezek (Durango, 2003). Handik Ezkurdi klubera igaro zen eta kadete adina zuenetik Eibarren dabil. Iaz sekulako denboraldia egin zuen Euskal Ligan, eta mailako golegile nagusia izan zen, 25 gol sartuta. Horrek lehenengo talderako atea zabaldu dio.

Lehenengo talderako saltoa eman duzu. Pozik zaude?
Oso pozik eta ilusionatuta nago. 19 urtegaz lehenengo taldeagaz fitxa izatea egundokoa da, baina erantzukizuna ere bai.

Iaz Euskal Ligako pitxitxia izan zinen. Zure ibilbideko denboraldirik onena izan zen?
Bai, fisikoki eta mentalki oso ondo egon nintzen. Astean hiru bider lehenengo taldeagaz entrenatzen nintzen, gora heltzea posible ikusten nuen eta "oraintxe estutu behar dut" esan nion neure buruari. Lehenengo taldean beste erritmo bat hartu nuen eta hori igarri egiten zen Euskal Ligako partiduetan.

Eibar lehen mailatik bigarrenera jaitsi zen iaz. Jokalari askok jarraitzen dute?
Ez. Lau-bost jokalarik berritu dute eta gainerakoak aurpegi berriak dira. Baina, apurka, lagun talde bat sortu dugu eta aurten lan ona egin dezakegula uste dut. 

Zelan joan da denboraldiaurrea taldearentzat?
Denboraldiaurrea gogorra izan da. Lehenengo mailako hainbat talderen kontra jokatu dugu eta aurpegia eman dugu. Bigarren mailakoei dagokienez, Coruñako Deportivoren kontrakoa irabazi dugu eta Osasunaren eta Logroñesen kontrakoak berdindu.

Eta arlo pertsonalean, zelan joan da?
Partidu bat kenduta, gainerakoetan titular jokatu dut. 45 minutuz hasieran, 60 minutuz gero, 75 minutuz... Nahikotxo jokatu dut eta fisikoki oso ondo ibili naiz. Pena bakarra da azken asteko entrenamendu batean ziztada bat sentitu nuela koadrizepsean eta ezin izan dut ligako lehenengo partidua jokatu. Baina ez da ezer larria eta asteon berriro entrenatzen hasi naiz. Taldean ezin hobeto hartu naute eta pozik nago. 

Ia partidu guztiak titular jokatu izanak zeozer esan gura du.
Entrenatzaileek esan didate konfiantza dutela nigan. Entrenatzailea berria da eta hasieran ez ninduten ezagutzen, baina denboraldiaurrea hasi zenetik hona garapen ona izan dudala eta oso pozik daudela esan didate, eta horrela jarraitzeko eskatu. 

Talde batean beti daude jokalari gazteei babesa ematen dieten beteranoak. Zure kasuan, nortzuk dira?
Jujuba Cardozo jokalaria maitagarria da, zelaitik kanpora asko zaintzen gaitu eta zelai barruan asko laguntzen digu. Sheila Elorzak, Ane Pérezek, Noelia Garcíak eta Ane Camposek ere asko lagundu didate taldean barneratzen.

Iaz maila galdu eta gero, zein da aurten Eibarren helburua?
Lehenengo Mailara bueltatu gura dugu, baina badakigu bigarren maila oso lehiakorra dela. Gainera, aurten formatua aldatu dute, estatu osorako multzo bakarra dago eta urrutiago bidaiatu beharko dugu: Andaluziara, Galiziara… 

Eta zein da zure helburua?
Jokatzea eta taldeari laguntzea. Eta gutxi jokatzen badut, bada, lana gogor egitea jokatzeko aukera izateko.

Talde nagusiagaz hiru partidu jokatu zenituen iaz: Ligan bi eta kopan bestea. Debutetik hasita, zelan gogoratzen dituzu?
Debuta orain denboraldi bi izan zen, 2021eko ekainaren 19an. Izterrean tatuatuta dut data hori. Hainbat jokalarik debutatu genuen eta Malen Olañetak, Uxue Guezalak eta hirurok data hori tatuatu genuen. Eibarrek Lehenengo Mailan jarraitzea segurtatuta zeukan eta beheko taldeko batzuoi debutatzeko aukera eman ziguten. Sinestezina izan zen eta sekula ere ez dut ahaztuko. Titular jokatu nuen. Galdu egin genuen, baina berdin zigun. Hain geunden pozik debutatu izanaz! Joan zen denboraldikoak Athleticen eta Sevillaren kontrako partiduak izan ziren ligakoak, eta Murtziako Alamaren kontrakoa kopakoa. 

Eibarrek entrenatzaile berria du aurten, Yeray Martin andoaindarra. 29 urte baino ez ditu eta Antiguoko taldetik dator. Zelan beragaz?
Oso ondo. Asko zaintzen gaitu eta edozeri buruz berba egin dezakegu beragaz. Etxeko entrenatzaile bat behar genuela uste dut, Euskal Herrikoa. Mutilak entrenatzetik dator eta berarentzat ere erronka handia izango dela uste dut.

Zer jokamolde planteatzen du? Zuri ondo datorkizu?
Goian presionatu eta aurkarien bizkarrean espazioak bilatu gura ditugu. Eibarren aurtengo jokamoldea ondo datorkit, jokalari azkarra naizelako. 

Garbi dago baduzula golerako sena. Zertan hobetu behar duzu?
Fisikoki asko hobetu behar dut, kategoria batetik bestera dagoen alderik handiena horixe delako. Eta baloia dudanean azkarrago pentsatzen eta gauzak arinago egiten ahalegindu behar dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!