Irati Bilbao durangarra protagonista duen 'Bidaia on, amona Braulia', domekan, Durangon

Aritz Maldonado 2022ko ira. 17a, 10:00
Jazzbana Ensemble. JOSE LUIS ITOIZ

Jazzbana Ensemble konpainiak domekan aurkeztuko du lana; emanaldia 18:00etan izango da, San Agustin kultur gunean

Sarah (Irati Bilbao durangarra) da Bidaia on, Amona Braulia! ikuskizuneko protagonista. Amona Brauliaren egunerokoa irakurrita, hark Ameriketako Estatu Batuetan zehar egin zuen bidaia ekarriko du gogora. Braulia bateria-jotzailea zen eta, herrialdean zehar egin zuen bidaia gogoratuta, musika modernoaren historian murgilduko ditu ikusleak. "Musika klasikoari dagokionez, gazteek eta nagusiagoek badute formakuntza bat, baina ez dute musika modernoa ezagutzen. Ume batek jarraitzeko moduko istorioa eskaini gura genuen, musika modernoaren historiaren zertzelada batzuekin, baina astun egin barik. Txukun geratu dela esango nuke", azaldu du Irati Bilbaok. Rakel Arbeloa (Braulia) ere musika irakaslea da, eta existitzen den hutsune hori betetzeko helburua azpimarratu du berak ere. "Eduki didaktikoagaz istorio bat kontatzen duen antzezlana da emaitza, eta zuzeneko musika ere badu bidaia hori girotzeko", borobildu du Arbeloak. Horrela, ikusleak dixiea, bluesa, gospela, swinga eta bebopa doinuak gozatuko ditu, besteak beste, New Orleanseko historian murgiltzeaz gainera. "Jazza haur eta gurasoei hurbiltzea genuen helburu, hasieratik, eta esango nuke asmatu dugula; izan ere, orain arte egindako emanaldiek oso harrera ona izan dute. Gainera, gurasoek esan digute oso gustura ikusi dutela".

Bidaia on, Amona Braulia Jazzbana Ensemble konpainiaren lehenengo lana da. 2021ean sortu zuten taldea eta emanaldi honetan Irati Bilbaok, Oskar Lakunzak (saxofoia eta pianoa), Iñigo Cuencak (tronpeta), Alvaro Zarzuelak (tronboia, helikoia eta pianoa), Aritz Luzuriagak (kontrabaxua, perkusioa eta gitarra) eta Rakel Arbeloak (bateria eta perkusioa) osatzen dute taldea.

"Erronka handia"

Taldekideek Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian ezagutu dute elkar, baina, musikatik aparte, beste dohain batzuk ere erakutsi behar izan dituzte. Bilbaok, adibidez, antzezteko egin behar izan duen esfortzua azpimarratu du. "Emanaldi osoan oholtza gainean nago, fisikoki exigentea da obra, baina ez hori bakarrik, izan ere, ni ez naiz antzezlea. Gustuko dut antzeztea, txikitatik, eta Karrika antzerki taldean aritutakoa naiz, aspaldi, baina honetarako bereziki prestatu behar izan naiz. Antzeztea izan da erronka nagusia", azaldu du musikari durangarrak.

Emakume erreferenteak

Jazzaren historia ezagutarazteaz gainera, emakume musikariei euren garrantzia aitortzea da Jazzbana Ensembleren beste helburuetariko bat. "Musika modernoan, beste hainbat alorretan lez, emakumeak gizonezkoak baino ezezagunagoak dira, baina egon, egon dira emakume musikagileak. Egia esan, abeslariak izan dira gehienak eta irudi horri ere buelta eman gura genion. Emakumezko pianista edo bateria-jotzaileak egon dira, baina ez dira hain ohikoak izan. Garrantzitsua da horrelako erreferenteak sortzea, jendeari arraro ez egiteko emakume bat bateria jotzen ikustea, adibidez", azaldu du Arbeloak. Bilbaok berak obra honetan lehenengoz hartu du tronpeta jendaurrean. "Bateria-jotzailea naiz eta sekula ere ez dut eduki erreferentziazko emakumerik. Hori garrantzitsua da haurrentzat, baina baita nagusientzat ere, beste jende batek egiten duela ikusita norberak ere egitea posible dela ikusteko", argitu du.

Abendura birtartean

Bestalde, San Agustinek udazkeneko denboraldiari ekin zion eguenean. Aroa Blanco durangarraren Miss Spein ikuskizuna izan da lehenengoa. Abendura bitartean, beste hogeita bi emanaldi egingo dituzte bertan; dantza, antzerkia, zirkua eta musika izango dira eta, besteak beste, Durangaldeko Maider Lopezek (Khontaira), Egoitz Etxebarriak (Amantra taldea) eta Ganso&Ciak euren proiektu berriak aurkeztuko dituzte. Anita Maravillasek eta Yllanak ere egingo dituzte emanaldiak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!