Ainhoa Ordorika Alegria (Bermeo, 1983) 2012an hasi zen Durangoko ELAren egoitzan lanean, bertako zerbitzu juridikoetan. Orain Bidelagun fundazioko abokatuetariko bat da.
Lan gaixotasunei begirako aholkularitza ematen hasi zarete. Zein beharrizan ikusi duzue zerbitzu espezifiko hori eskaintzeko?
Ikusi genuen enpresetan gabeziak zeudela lan osasuna lantzeko. Batzuetan, ohiko zerbitzu juridikoak ez ziren lan esparru hori ondo jorratzera ailegatzen. Amiantoa, silizea, oso prozesu luzeak dira, teknikoak. Eta ikusi genuen zerbitzu espezializatu bat beharrezkoa zela lan osasunari garrantzia emateko. Izan ere, geroago eta garrantzi handiagoa du, oso esparru zabala delako. Eta guk ahalik eta esparrurik handiena landu gura dugu, lan gaixotasun bat duen behargina errekonozitzeko batetik, eta lan gaixotasunagaitik hil den beharginaren familiari kalte ordaina emateko bestetik.
Zeintzuk dira lan gaixotasunik ohikoenak?
Amiantoari eta silizeari loturikoak dira kasurik ezagunenak; hilgarriak direlako, hain zuzen ere. Baina ohikoenak beste batzuk dira. Gaixotasun muskulueskeletikoak, adibidez. Tendinitis bat, karpoko kanalaren sindromea, lanean mugimendu errepikakorrak egiteagaitik eratorritakoak. Bestalde, arrisku psikosozialak ere hor daude. Antsietatea, lan karga desegokiari loturiko arazo emozionalak, adibidez. Bulego lanetan baja asko ikusten dugu emozionalki oso txarto egoteagaitik. Batzuetan, enpresak gauzak ondo ez daudela jakin arren, ez ditu neurriak hartzen.
Zeintzuk dira lanetik eratorritakoak diren gaixotasunak errekonozitzeko topatzen dituzuen zailtasunak?
Frogatzea, horixe da gatxena. Eta zein arazo dugu enpresa guztiekin? Hauxe: enpresek plataforma bat dute lan istripu bat izan dela jakinarazteko. Eta jakinarazpen horretan markatu egin behar dute zein den istripuaren larritasun maila. Hiru aukera dituzte: arina, larria eta oso larria. Larria edo oso larria den kasuetan, Osalaneko teknikariak lantegitik pasatzen dira. Txosten bat egiten dute gertaturikoagaz. Argazkiak ateratzen dituzte, Ertzaintza jakinaren gainean dago, ikerketa hasten da. Baina istripu arina bada, ez. Horrenbestez, ikusten duguna da lan istripu oso larriak arinak balira lez komunikatzen direla. Eta, kasu horietan, Osalaneko teknikaririk ez doanez, ez dago ez txostenik, ez argazkirik, ez frogarik.
Izan da halako kasurik Durangaldean?
Bai, Iurretako fundizio batean, 2018an. Langileari burdinurtua jausi zitzaion gainera. Erredurak izan zituen, gorputzaren %60an. Gurutzetako ospitalera eraman zuten, erredura handien unitatera. Enpresak istripu arin lez komunikatu zuen lan istripua eta Osalan ez zen gertaturikoaren gainean egon. Aurten izan dugu epaiketa. Akordio batera ailegatu gara enpresagaz.
Ohikoa da horrelakoak gertatzea?
Bai, ohikoa da.
Durangaldean ere bai?
Euskal Herri guztian, Durangaldean ere bai. Inork ere ez du jarraipenik egiten lan istripuak ondo komunikatzen ote diren jakiteko. Gainera, ez dago ezelango isunik gertaturikoa txarto komunikatzeagaitik. Ez dago txostenik, eta gatx da frogatzea. Lekukoak behar dituzu eta, askotan, lekuko izan diren beharginak beldur dira parte emateko.
Amiantoagaz eta silizeagaz loturiko lan gaixotasunek zein bolumen dute Durangaldean?
Amiantoa arnasteagaitik izandako ondorioak 35-40 urtera hasten dira igartzen. Horregaitik uste dugu 70eko 80ko eta 90eko hamarkadetan amiantoagaz lan egin zuten langile askok orain izango dutela diagnostikoa. Durangaldean industriaren presentzia handia dagoela ikusita, uste dugu datozen urteetan kasu asko azaleratuko dela, nahiz eta gaur egun amiantoaren erabilera debekatuta egon. Silizearen kasuan, oraindino erabili egiten da enpresetan.