Ekitaldi bi antolatu dituzte horretarako. Batetik, irailaren 21ean, arratsaldeko 19:00etan, San Agustin Kulturgunean, mahai-ingurua egingo dute Jon Irazabal, Pedro Barruso eta Jimi Jiménez adituekin. 1936ko irailaren 25eko bonbardaketaz eta fusilatzeez berba egingo dute. Bestetik, irailaren 25ean, eguerdiko 12:00etan, Ezkurdiko Plazan hildako guztiak gogoan hartzeko ekitaldia izango da. "Lehenengoz, 1936ko irailaren 25ean gertatutakoa eta horrek izandako ondorioak modu bateratuan eta izan ziren moduan azaltzeko ariketa egingo dugu", adierazi dute Gerediaga Elkarteak eta Durangoko 1936 Kultur Elkarteak. Era horretan, "memoria historikoan sakontzen jarraitzeko" asmoa agertu dute eragile biek.