Durangon hamabi ikastaro antolatu dituzte adinekoentzako

Anboto 2022ko ira. 15a, 11:29

Adineko pertsonen ikuspegi kognitiboa, emozionala eta soziala hobetzen lagunduko dute ikastaroek. Aurrez izena emateko eskaera irailaren 23an amaituko da.

Durangoko Udalak 60 urte eta gehiagoko pertsonentzako ikastaro eta tailer eskaintza zabala eskainiko du 2022-2023 ikasturterako. Guztira, 450 plaza eskainiko dira. Helburua zahartze aktiboa eta osasungarria sustatzea da.

Urritik maiatzera egingo diren ikastaroen artean, honako hauek daude: Psikomotrizitate tailerra, oroimenaren entrenamendu ikastaroa, buru urdurientzako erronka, irakurketa eta idazketa hobetzeko tailerra, ongizate emozionalerako tailerra, erorikoak prebenitzeko ikastaroa, antzerki tailerra, xake tailerra, irakurketa errazeko tailerra eta gorputz higienikorako tailerra.

Bi ikastaro labur eskainiko dira: Bizitzaren eta heriotzaren pedagogia ikastaroa (urriaren 19tik abenduaren 21era) eta atsedena hobetzeko teknikak (urtarrilaren 11tik martxoaren 8ra).

Amaitzeko arrakala digitala murrizteko lau ikastaro antolatu dituzte: Informatikako oinarrizko prestakuntza, smartphone eta tabletak, ofimatikako tresnak eta zibersegurtasuna eta e-administrazioa.

Izen-ematea

Ikastaroetan eta tailerretan parte hartzeko, beharrezkoa da aurrez izena emateko eskabidea betetzea (irailaren 23an amaituko da). Plazak esleitzeko zozketa irailaren 29an egingo da eta matrikulatzeko epea irailaren 30etik urriaren 11ra izango da.

Durangon erroldatutako pertsonentzako ikastaro eta tailerren prezioa honako hau da: 14 euro ikasturte luze bakoitzeko eta 7 euro ikasturte labur bakoitzeko. Informatikako ikastaroak doakoak izango dira.

Informazio gehiago 94 465 74 51 telefonoan eta adintek@durango.eus helbide elektronikoan jaso daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!