Urritik aurrera Landako Guneko aparkalekua 24 orduz erabilgarri egotea gura du udalak

Anboto 2022ko ira. 14a, 09:44

"Erakargarriak edo egokiak izan daitezkeen abonuen aukera zabalagoa" ere eskaini gura dute. Alderdi politikoek hilabete honen bukaeran eztabaidatuko dituzte prezioak, osoko bilkuran.

Durangoko Udalak Landako Guneko aparkalekua 24 orduz erabilgarri egotea gura du urritik aurrera. Asmo hori duela jakinarazi du hedabideetara bidalitako oharrean. Horrez gainera, aparkatzeko abonu berriak eskainiko dituela ere gaineratu du. 2021etik 2022ra bitartean, Durangoko Udalak hainbat birmoldaketa egin zituen Landako Guneko aparkalekuan. Makinak berritu eta  bideozaintza sistema instalatu zituen, besteak beste. Orain, beste pauso bat ematea aurreikusi du. Aparkalekua "gaueko ordutegian langilerik gabe" zabalik egotea gura dute. Udalak adierazi du herritarren "aspaldiko" eskari bati erantzungo diola, modu horretan.

Gaia hilabete honetako osoko bilkurara eramango duela aurreratu du gobernu taldeak. Prezio publikoak finkatzeko eztabaida eramango dute plenora. Zehazki, honako proposamen hauek eramango dituzte:

Eguneko ordainketa:
Astelehenetik zapatura, 7:00etatik 21:00etara.
- 6 ordu: 40 €hilean
- 10 ordu: 50 €hilean
- 14 ordu: 60 €hilean

Gaueko ordainketa eta jaiegunak:
Astelehenetik barikura 20:00etatik 8:00etara eta zapatu, domeka eta jaiegunetan:
24 ordu: 60 €/ hilean

Erabilerengatiko ordainketa (Iraungitzea: 3 hilabete):
- 10 erabilera: 30 €
- 20 erabilera: 55 €
- 30 erabilera: 75 €

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!