Mugikortasun jasangarriago bat lantzeko jarduerak egingo dituzte zapatuan Durangon

Anboto 2022ko ira. 13a, 14:50

Durangoko Udalak eta herriko elkarteek egitaraua prestatu dute Mugikortasunaren Europako Astea dela eta. Jokoek, tailerrek eta ekitaldi kulturalek joan-etorri jasangarriagoez kontzientziatuko dute. 

Ingurumenarekiko jasangarria den mugikortasuna landuko dute zapatuan, Durangon. Udalak eta herriko elkarteek egitaraua prestatu dute Mugikortasunaren Europako Astea dela eta. Jose Migel Barandiaran kalera, adibidez, zeramika tailerrak, joko tradizionalak, txirrindularientzako eskulan tailerrak, xakea, talo edota Paint Bike tailerrak aterako dituzte.

Zumalakarregi kalean, bestalde, Gurpil Gainean izeneko gunea atonduko dute. Besteak beste, Bidegorrietatik bizikletan ibiltzeko hiru irteera egongo dira 12:00etan, 13:00etan eta 14:00etan. Bizikleta zirkuitu bat ere ipiniko dute bertan. era, bizikleta denda eta bizikletak mantentzeko tailer bat ere egongo da, skate tailer batekin eta herri-banaketarako bizikleta zerbitzuarekin batera. Azkenik, Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta aktoreek ‘Sexberdinak’ antzezlana eskainiko dute zapatuan, 20:00etan, San Agustin Kultur Gunean.

Honako elkarte hauek parte hartu dute udalagaz: Atik Skatepark, Stop Bide Indarkeria, Durango MTB Sapubike, Dukerami, Hazi Hezkuntza, Larrasoloeta Xake Taldea, Basati, Berbaro, Dendak Bai, Decatlon, Txita.com eta Inurri Eskaut Taldea. Udalak adierazi du pausoak eman behar direla "Durango oinezkoentzat eta txirrindularientzat geroz eta herri atseginagoa izan dadin". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!