'Bidelagun' sortu dute Durangon, lan-gaixotasunei loturiko aholkularitza eskainiko duen fundazio berria

Ekaitz Herrera 2022ko ira. 13a, 19:30
Bidelagun fundazioko beharginak, Zumalakarregi kalean duten bulegoan.

ELA sindikatuaren baitako fundazioa da. Aholkularitza juridikoa eskaintzen hasi dira lan-osasunagatik gaixotutako beharginak errekonozitzen laguntzeko.  Eguenean aurkezpen ekitaldia egingo dute.

ELA sindikatuak Bidelagun sortu du, lan-osasunagatik gaixotutako beharginak eta haien familiak laguntzeko fundazio berria. ELA sindikatuaren ordezkari Eneko Agirreurretak azaldu duenez, helburu nagusia "lan-gaixotasuna duten beharginak juridikoki errekonozitzen laguntzea" izango da, "kalte-ordainak, indemnizazioak" ardatz hartuta. Horretarako baliabide juridikoak eskainiko dituzte, "lan gaixotasuna zein egoeratan kontsideratzen den azalduta, langilearen aukerak zeintzuk diren ikusita edo langilea hil eta gerora familiak zein aukera dituen aztertuta". Amiantoagatiko eta silizeagatiko lan-gaixotasunak errekonozitu daitezen lan egingo dute, baina baita bestelako lan gaixotasunak errekonozitzeko ere. Hezurdura gaixotasunak, gaixotasun muskularrak, antsietateari loturikoak ere bai, adibidez.

Agirreurretak gaineratu duenez, Bidelagunek Hego Euskal Herri osoan egingo du lan, eta Durangon izango du egoitza. Dagoeneko martxan dago. Abokatu bi eta administrari bat daude bertan. "Durango aukeratu dugu geografikoki Euskal Herriaren erdigunean dagoelako eta presentzia bat duelako. Gainera, industrializatutako eremua da. Eta tamalez, amiantoagatiko edo silizeagatiko lan gaixotasunak ere badira hemen", azaldu du Agirreurretak.

Aurkezpen publikoa eguenean

Eguenean, hilaren 15ean, Bidelagun fundazioaren aurkezpen publikoa egingo dute. Durangoko Elkartegian izango da jardunaldia, erabilera anitzeko gelan. Ekitaldia 18:00etan hasiko da. Bertan parte hartuko dute Leire Herediak, ELA sindikatuko lan-osasun teknikariak, eta, Ainhoa Ordorikak, Bidelagun fundazioko abokatuak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!