Koronabirusak eragindako osasun pandemian zehar sorturiko artelanak erakutsiko ditu Ismael Iglesiasek Begizulon. Hain zuzen ere, "azkenaldiko garaien metafora" bezala definitu du erakusketa durangarrak. "Gustuko ez duzun errealitate batetik ihes egiteko modu bat da. Erakusketak argiekin jokatzen du, eszenografia landu bat du, eta bisitariari ipuin batean egotearen sentsazioa iradoki gura diot; ipuina izan daiteke zoragarria, edo ametsgaiztoa", azaldu du aurkezpenean. Lan horiez gainera, duela hogei urte museoari doaitzan emandako margo bat ere ikusi ahalko da, orain arte erakutsi gabekoa. Iglesiasek "askatasun osoz" lan egitearen garrantzia azpimarratu du.
Jone Ertzillak, ostera, irailaren 30ean ezarriko du E x 3 erakusketa. Artista durangarrak arterako eta sorkuntzarako erritmoek duten garrantzia nabarmendu du. "Sorkuntza ezin da emaitzekin bakarrik lotu. Lanerako beste erritmo batzuk ditu arteak, eta beti ez da emaitza bilatu behar", azaldu du.
"Komunitatea sortu"
Julian Rios Durangoko alkateordeak herritarrek herriko museoan aurkezteko aukera edukitzea azpimarratu du, eta Ane Abanzabalegik, ostera, komunitatea sortzeko horrelakoek duten garrantziaz. "Erakundeok gure herritarrei baliabide ekonomiko eta espazialak eskaintzen dizkiegu euren sorkuntzak garatzeko, eta orain durangar guztiok izango dugu proiektu horiez gozatzeko aukera". Garazi Arrizabalagak ere ildo beretik jo du. "Izen handiko artisten lanak erakutsi ditugu museoan, eta hori garrantzitsua da, baina garrantzi handia du, baita ere, durangarren lanak bertan ikusi ahal izatea".
Azaroaren 27ra bitartean Durangoko beste hiru sortzaileren erakusketak egongo dira: Nerea Gastónen Lavaderos de Barrenkalea, Karlos Martinezen Un agujero en el cielo eta June Baonzaren Ama ta asunak. Guztira, 16 proiektu kultural lagundu ditu Durangoko Udalak Durango Sor(tzaileen)leku bekaren bidez; 95.000 euroko laguntza banatu du, guztira.