Durangoko Komertzio Bonuak gaurtik salgai

Anboto 2022ko ira. 6a, 10:25

10 euroko bonua erosita, durangarrek 15 euroko erosketa egin ahalko dute herriko komertzioetan. 65 urtetik gorakoek modu fisikoan eskuratu ahalko dituzte bonuak Turismo Bulegoan.

Durangoko Komertzio Bonuen kanpaina bueltan da. Gaurtik hasi eta irailaren 30era arte, durangarrek bonuak erosi ahalko dituzte https://bonoa.durango.eus/ web atarian, gero, erosketak herriko komertzioetan egiteko. 10 euroko bonua erosita 15 eurora arteko erosketa egin ahalko da. Herritar bakoitzak 4 bonu erosi ahal izango ditu gehienez. Saltoki bakoitzak, gehienez, 15 euroko 200 bonu aurkeztu ahalko ditu (3.000 euro). Kontsumoa negozioen artean dibertsifikatzera gura du udalak. Oraindik izena eman barik dauden saltokiek hilaren 30era arteko epea izango dute kanpainan inskribatzeko. 

65 urtetik gorakoek modu presentzialean erosi ahal izango dituzte bonuak gaurtik irailaren 30era arte. Turismo Bulegora jo beharko dute horretarako, NAN agiria eta banku txartela aldean eramanda. Udal agintariek adierazi dute kanpainagaz "bultzada bat" eman gura dietela komertzio txikiei zein bezeroei. "Laguntza ekonomiko zuzen hauen bitartez kontsumoa sustatu nahi dugu gobernu taldetik, eta horretarako duela urte gutxira arte bideratzen zen diru kopurua
hirukoiztu dugu azken urteetan”, adierazi dute Aritz Bravo eta Neskutz Rodriguez zinegotziek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!