Gaurtik barikura San Fausto jaietarako kartela aukeratzeko bozketa ireki dute Durangon

Anboto 2022ko ira. 5a, 11:04

Lehiaketan parte hartzen ari diren kartel finalistak.

Irailaren 5etik 9ra bitartean durangarrek aurtengo San Faustoetarako kartel irabazlea aukeratu ahalko dute bozketa herrikoi baten bitartez.

San Faustoak geroz eta gertuago daude bi urteko etenaldiaren ostean, eta gutxinaka jaiak inguratzen dituzten elementuak zehazten dabiltza Jai Batzordea eta Durangoko Udala. Horietako bat 2022ko San Faustoak ordezkatuko dituen kartela aukeratzea da, eta, horretarako, kartel lehiaketaren azken fasea abiatu dute.

Izan ere, aurkeztutako 34 karteletatik, epaimahaiak zazpi kartel finalistak aukeratu ditu, eta orain durangarren txanda izango da, herri bozketaren bitartez aukeratu beharko baita kartel irabazlea.

Bozkatzeko modu bi

Irailaren 5etik 9ra bitartean (biak barne), durangarrek bi eratan bozkatu ahalko dute: Aurrez aurre eta interneten.

Bozketa modu presentzialean egiteko prestatutako gune batzuk egongo dira. Gune horietan ordenagailu bat eta pertsona bat egongo dira parte hartzen laguntzeko. Guneak honako hauek dira: Landako I Kiroldegia, Bizenta Mogel liburutegia eta Intxaurrondo Kultura eta Gazte Gunea. Online bidezko bozketa, berriz, LOTURA HONETAN egin daiteke.

Durangon erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek eman ahal izango dute botoa, NANaren bidez identifikatu ondoren. Kartel bakarra bozkatu ahal izango da.

“34 kartel aurkeztu dira lehiaketara honetara, eta guztien kalitate ona nabarmendu nahi dugu. Zaila izan da horietatik zazpi aukeratzea, baina orain behin betiko erabakia durangar guztiok izango dugu. Parte hartzera gonbidatzen zaituztegu”, adierazi dute udal ordezkariek ohar batean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!