Durangoko gobernu taldeak "susperraldi ekonomiko eta sozialean" zein "trantsizio energetikoan" ipini gura ditu ikasturte honetako indarrak. Ima Garrastatxu alkateak eta Julián Ríos alkateordeak datozen hilabeteetarako erronkak eta proiektuak iragarri dituzte. Eraikin publikoetan eguzki-plakak ipiniko dituela eta bide publikoak "modu jasangarriagoan" argiztatuko dituela iragarri dute. Bestalde, aurrera begirako ardatzen artean kokatu dituzte Merkatu plazaren eta Hornidura merkatuaren garapena, Antso Estegiz kalea berrurbanizatzea, Urki-Hegoalde errepidea, PERIaren aurreakordioa garatzea, Plateruena, San Agustin Kulturgunearen 25. urteurrena, Kirolene, Tabirako igerilekuak, Geu Be elkartearen lokal berria, Alde Zaharrean neurriak hartzea eta Andra Mariko elizpea berritzea.
Garrastatxuk eta Ríosek azpimarratu dutenez, gobernu taldeak "norabide aldaketan sakontzen" jarraitu gura du. "Gobernu talde feminista, ekologista eta euskalduna" izatea gura dute, "mugikortasun jasangarria eta inklusiboa lantzen duena, tokiko elkarte eta klubek beren jarduerak garatu ahal izateko baliabide propioak" sortzen dituena, adierazi dute.