Entrenatzaile lanetan hasi aurretik, Rodriguezek ibilbide luzea izan zuen jokalari lez. Getxo taldean eman zituen urterik gehienak. 1994tik 2008ra, talde nagusian aritu zen. 90eko hamarkadan, Getxo Ohorezko Mailako talderik onenetarikoa zen. Sasoi hartan, lau Errege Kopa irabazi zituen. Rodriguezek 1997koa irabazi zuen, oraingoz Getxok irabazi duen azkeneko Errege Kopa, hain zuzen ere. Gainera, urte berean ligako azpitxapeldun geratu zen. Talde hartako kidea izan zen Aratz Gallastegi DRTko errugbi zuzendaria ere.
Getxoko urteetan, jokalari ez ezik entrenatzaile lanetan ere aritu zen harrobiko hainbat taldetan.
35 urtegaz bere betiko taldea utzi eta Uribealdea taldera joan zen, urte birako. Jokalari-entrenatzaile aritu zen, Lehen Nazional Mailan lehenengo eta Ohorezko B Mailan ondoren. Azken urte hartan bisitatu zuen lehenengoz Arripausueta, DRT maila horretan zebilen eta.
Azken ostikoak, Uribealdean
Uribealdean amaitu zuen bere jokalari ibilbidea, baina klubean jarraitu zuen, emakumeen taldeko entrenatzaile. Iaz Gernikan aritu zen, orduan ere emakumeen taldeko arduradun, Euskal Ligan.
Aurten abentura berri bati ekingo dio Durangon, kasu honetan ere Euskal Ligan. Klubeko deiak "ezustean" harrapatu zuela eta baiezkoa eman aurretik buruari hainbat buelta eman ziola onartu du. "Erronka garrantzitsua da niretzat, eta hasieran bertigo apur bat ematen zidan. Baina orain oso gogotsu nago. Ikasteko gogoz eta urte hauetan ikasitakoa irakasteko gogoz nator DTRra", adierazi du.
Taldeak gaur bertan hasi du denboraldia eta Rodriguez astelehenean batuko da taldera. Lehenengo kontaktua izango da bere jokalariekin, oraindino ez ditu aurrez aurre ezagutzen eta. Ondoren, entrenamenduak eta lagunartekoak etorriko dira.
"Haztea" helburu
Aurtengo liga denboraldirako helburua "talde lez haztea" dela adierazi du. "Talde gaztea dugu. Playoffetara sailkatzea itzela litzateke, baina, oraingoz, iazko postua hobetzea da nire helburua. Nire jokamoldea txertatu badezaket eta jokalariek zelaian gozatzen badute, ni horretxek asebeteko ninduke. Horrez gainera, kirol emaitzak oso onak badira, bada, oraindino hobeto", azaldu du entrenatzaile getxoztarrak.