Elene Carreto dantzari durangarrak 'Topatuko garen leku horretan' dantza ikuskizuna estreinatuko du, gaur

Aritz Maldonado 2022ko ira. 2a, 12:00

Elene Carreto eta Ioar Labat.

Elene Carretoren Topatuko garen leku horretan obra berriak gizakia munduan eragiten dabilen hondamendia du abiapuntu; Ioar Labat dantzari nafarragaz batera sortu du pieza. Dantzari eta sortzaile durangarra pozik dago proiektuagaz, izan ere, lehenengo aldia du horrelako dimentsioko lan bat sortzen.

"Aurretik ere sortu ditut neure piezak, baina beti izan dira lan txikiagoak, bai iraupen aldetik, baita lantalde aldetik ere", azaldu du. Hasieran lanak bakarkakoa izan behar zuen arren, Labat segituan batu zitzaion durangarrari. "Asko gozatu dugu sortze prozesuan, bortizkeria zelan gorpuztu aztertzeari ekin genion, teorikoki, eta hortik izugarri hazi zen proiektua; indarkeriak aizkolaritzagaz lotura izan zezakeen, bere gordintasun eta kolpe sikuengaitik, eta hortik jo genuen. Gero, beste eremu batera heldu ginen: gizakia munduan egiten dabilen hondamendia jorratzen du emanaldiak. Dena dela, hori abiapuntua da eta ikusleari dagokio gero dantzek eta mugimenduek sortzen dizkieten sentimenduak aztertzea", azaldu du Elene Carreto dantzariak. Carretoz eta Labatez gainera, Jon Ander Urrestik egin ditu interpretazio lanak.

Proiektuak Durangoko Udalak eskainiriko Sor(tzaile)leku bekaren laguntza jaso du. Dantzari durangarra esker oneko agertu da, izan ere, horri eskerrak lantaldea handitu egin ahal izan du, besteak beste. "Mara Olazabal hernaniarrak jantziak egin dizkigu, adibidez. Bekari eskerrak jende gehiagogaz lan egin ahal izan dut, eta niretzat gakoa da hori, izan ere, elkarregaz sortzea eta proiektuari talde lez forma ematen joatea da gehien gustatzen zaidana", azaldu du Carretok. Soinuaz, Olatz Salvador eta Edurne Azkarate arduratu dira. Bideoak eta argazkiak Pello Maudo durangarrarenak dira; Maudo eta Carreto lagunak ere badirela azpimarratu du Carretok, eta, beraz, elkarregaz lan egitea erraza egin zaiela ere nabarmendu du. Erresidentzia artistikoa Dantzagunean egin dute, Donostian.

Haatik eta Larrua proiektua
Carretoren sorkuntzaz gainera, Haatik dantza taldearen Ur eta Larrua proiektuaren Muda dantza ikuskizunaz gozatu ahalko da barikuan. Emanaldiak Ezkurdin izango dira, 20:00etan; euria eginez gero, Landako Gunean egingo dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!