Durango Sarietan botoa emateko aukera zabaldu dute

Anboto 2022ko ira. 1a, 11:32

Durangarrek kirol eta kultur arloan nabarmentzen diren herritarrak zein erakundeak aukeratu ahalko dituzte bozketan. Sari emate ekitaldia azaroaren 5ean izango da San Agustin Kulturgunean.

Herriko kultura eta kirol arloan dabiltzan elkarteen eta norbanakoen lana aitortzeko asmoz, Udalak Durango Sariak banatuko ditu. Sarituetako batzuk epaimahaiak hautaturikoak izango dira. Hor sartzen dira kirolari indibidualaren, kirol elkartearen, kultur eragilearen eta kultur elkartearen Durango Sariak. Beste saritu batzuk, baina, herritarrek aukeratuko dituzte. Hain zuzen ere, durangarrek zabalik dute kirol eta kultura arloko beste saritu bi boto bidez aukeratzeko epea. Atari honetan bozkatu beharko dute horretarako.

Kirol arloko hautagaiak honako hauek dira: Asier Aguirre, Baqué Fundazioa, Bidezabal Atletismo Taldea, Deniba Konare, Durango Rugby Taldea, Gonzalo Díaz, Gorka Garitaonandia, José Luis Romero, Juan Manuel Iriondo "Txapo", Landu Txirrindulari Taldea, Mugarra Triatloi Taldea eta Nesken Boleibol Taldea.

Kultur arloko hautagaiak, berriz, Andoni Mujika, Arandoño Kultur Elkartea, Artistas del Duranguesado elkartea, Cecilia Paganini, Doinu Zahar, Durangoko Orfeoia, Jaizale Txistulari Elkartea, Jon Sarobe, Joseba Sarrionandia, Leopoldo Zugaza, Nerea Mujika, Tabirako Jai Batzordea, Txelu Angoitia eta Vanessa Goikoetxea dira.

Herritarrek irailaren 30era arteko epea izango dute botoa emateko. Durango Sarien lehen edizioa azaroaren 5ean izango da. Ekitaldia San Agustin Kulturgunean egingo dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!