Durangoko Udalak iragarri du albistea: Juan Itziar auzoko bizilagunek haien beharrizanetarako auzo-etxea izango dute etorkizunean. Auzo-etxe bat izango dute, lokal bikoa. Guztia Udalak eta Eusko Jaurlaritzak adostu berri duten hitzarmenetik dator. Izan ere, alde biek akordioa sinatu dute Juan Itziarko urbanizazioan dauden eta Jaurlaritzaren jabetzakoak diren lokal bi auzotarren beharrizanetara bideratzeko. Irailean zehar, udaleko Bulego Teknikoak pleguak prestatuko ditu, gero, obrak lizitaziora ateratzeko.
Auzotarrentzako zerbitzua
Ituna Durangoko alkate Ima Garrastatxuk eta Alfonso Gómezek, Bizkaiko Etxebizitzako lurralde ordezkariak, sinatu dute. Udalak adierazi du auzo-etxe horri eskerrak, Juan Itziarko bizilagunek hurbilago izango dituztela udal zerbitzuak. Horrez gainera, lokalek auzoan dinamika berriak sortzeko balioko duela ere erantsi du.