“Gurago dut partiduetan protagonista izaten ahalegintzen den taldea; horixe da gure ideia aurten”

Joseba Derteano 2022ko uzt. 26a, 10:30

Beñat Etxebarriak eta bere lantaldeak sekulako lana egin dute bederatzi urtez Larrabetzuko Uritarra taldean. Orain, abentura berri bati ekingo dio Durangoko Kulturalean, "motibagarria" iruditzen zaion proiektuan.

Uritarra klubean gauza handiak lortu dituzu eta merezi du hori gehiago ezagutara emateak. Lehenengo eta behin, zelan heldu zinen Larrabetzuko klubera?
Indautxuko gazteen taldea entrenatzen nenbilela eskaini zidaten Uritarrara batzea. Nik ez nuen loturarik ez klubagaz, ez Larrabetzugaz, ez inogaz. Sorpresa izan zen.

Nork esango zizun orduan ia hamarkada bat emango zenuela bertan.
Sekula ere ez nuen pentsatuko. Oso arraroa da entrenatzaile bat toki berean hainbeste denboran egotea. Baina horrela irten zen eta oso pozik nago han emandako denboragaz.

2.000 biztanle dituen herriko futbol kluba Hirugarren Mailara igotzea sekulako lorpena izan zen. Zelan gogoratzen duzu?
Horren aurretik Ohorezko Mailara igo ginen, kasu hartan ere klubeko historian lehenengoz. Baina, bai, Bizkaitik Euskadi mailako ligara igotzea zirraragarria izan zen herriarentzat. Sekula Bizkaitik kanpora lehiatu barik zeuden, eta erronka bat izan zen. Pertsonalki ere poz ikaragarria hartu nuen, jakina. 

Zelan eraldatzen da talde bat ametsa zirudiena errealitate bihurtzeraino?
Lana da sekretu bakarra. Arlo bakoitzean pauso bat haratago joaten ahalegindu ginen: egituran, metodologian… Eta denen konpromisoa funtsezkoa izan zen: zuzendaritza desberdinetatik hasi, koordinatzaileetatik jarraitu eta jokalari eta entrenatzaileetaraino. 

Durangoko Kulturalaren partetik jasotako eskaintza bakarra izan zen ala gehiago izan zenuen mahai gainean?
Egia esateko, beste eskaintzaren bat ere izan nuen, baina hasieran Uritarren geratzea erabakita nuen. Kulturaletik deitu zidatenean kirol zuzendariagaz geratu nintzen, transmititu zidan dena gustatu zitzaidan eta aste horretan bertan lotu genuen akordioa.

Zer da hain arin konbentzitu zintuena?
Niri, nire lantaldeari eta gure lan egiteko moduari buruz asko zekitela ikusi nuen. Bazekiten gu nor ginen eta zer eskaini genezakeen, eta hori garrantzitsua iruditu zitzaidan. Epe ertaineko proiektua zela esan zidaten, eta horregaitik ipini zutela begia klub berean luzaroan egon den norbaitengan. Epe ertainera Bigarren RFEF Mailara bueltatu gura zutela zioten. Hori guzti hori gustatu zitzaidan. Kulturala klub historikoa da, proiektu motibagarria du eta pauso bat aurrera ematea iruditzen zitzaidan. Urtebeterako sinatu dut.

Azken asteetan, klubak hainbat fitxaketa iragarri du. Zuk baduzu fitxaketetan erabakitzeko ahalmenik, ala zuzendaritzakoen lana da?
Hainbat kideko lantaldea osatu dugu eta fitxaketak gune horretan adosten ditugu. Kirol zuzendaritzak eta talde teknikoak elkarregaz hartzen duten erabakia da hori. 

Zelako jokalarien bila zabiltzate?
Adinari dagokionez, oreka bat bilatzen dugu. Gu heldu ginenean, ez zegoen 23 urtez azpiko jokalaririk, eta araudiak dio tarte horretako sei jokalari egon behar direla gutxienez. Beraz, lehenengo hutsune hori betetzeari ekin genion. Bestelakoan, adina alde batera utzita, anbizioa duten jokalariak bilatzen gabiltza; gora egiteko eta partidu guztiak jokatzeko gosea duten jokalari lehiakorrak.

Pozik zaude orain arte heldu denagaz?
Bai. Iaz egindako lan onari jarraipena emateko, mantendu gura genituen ia jokalari guztiak mantendu ahal izan ditugu. Hortik aurrera, hutsuneak betetzen joan gara, eta, bai, pozik gaude etorri direnekin. Oraindino fitxaketaren bat edo beste falta da iragartzeko. 

Zelan definituko zenuke zure jokamoldea? Jendeak ulertu dezan: Simeone ala Guardiola?
Aurkitzen dudanera moldatzen naiz. Tokian tokiko jokalarien ezaugarrietara eramaten dut jokamoldea. Aukeratzen ematen badidazu, gurago dut baloi jabetzari eusten eta behetik jokatzen ahalegintzen den taldea, goian presionatzen duena eta partiduetan protagonista izaten ahalegintzen dena. Horixe izango da gure ideia aurten. Partidu guztietan anbiziotsuak izan gura dugu. Batzuetan posible izango da eta beste batzuetan ez, jakina, eta unean uneko egoerara moldatzen asmatu beharko dugu.

Playoffetarako borrokan egotea da taldearen helburua?
Iaz, liga amaitzeko jardunaldi biren faltan, taldeak playoffetara sailkatzeko aukera zuen oraindino. Beraz, helburuak gutxienez playoffetarako borrokan egoteak izan behar duela uste dut. 

Denboraldiaurreko partiduak lotuta dituzue?
Partidu asko lotuta daude eta denboraldiaurrea diseinatuta dago. Deustu, Urduliz, Padura eta Arenas taldeen kontra jokatuko dugu, besteak beste. Erandioko Mendeurren Torneoan ere parte hartuko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!