“Urte asko daramat musika egiten, eta argi dut kalitate handiko diskoa dela"

Aritz Maldonado 2022ko uzt. 24a, 10:20

Aitor Rubiok bere ibilbideko lehenengo bakarkako diskoa kaleratu du oraintsu: Argi izpiak. Zornotzarrak urteak daramatza musikagintzan, eta hainbat taldegaz lan egin du azken urteetan: Gu Ta Gutarrak, Mikel Urdangarin, El Consorcio, Gorka Knörr, Xabi San Sebastian Band... Musikari, konpositore, ekoizle eta moldatzaile lanak egiten ditu. Horrez gainera, Musikaudio estudioko zuzendaria ere bada Rubio.

Argi izpiak kaleratu duzu oraintsu. Urteak daramatzazu musikagintzan, baina bakarka kaleratu duzun lehenengo lana da hau. Zergaitik publikatu duzu orain?
Bai, nire lehenengo lana da. Inoiz ere ez da berandu, ezta? Orain arte, hainbat taldetan aritu naiz musikari. Eta, bien bitartean, nire abestiak egiten ere egon naiz. Ikasten joan naiz. Egia esateko, ez dakit zergaitik ez ditudan kaleratu nire abestiak orain arte. Beharbada ez nintzen sentitzen nahikoa prestatuta aurrera egiteko. Baina, denboragaz, ikasten, desikasten eta aldatzen joan naiz. Orain, antzeko estiloa izan dezaketen abesti sorta bat izan dut esku artean, niretzat bereziak direnak, eta argi ikusi dut: hauxe da momentua.

Abestiak berriak dira? Edo, zein denbora tartetan konposatu dituzu?
Abesti mordoa dut kaxoitean gordeta, eta, beharbada, beste batean kaleratuko ditut. Baina abesti hauek berriak dira. Urte piloa daramat besteentzat abestiak egiten eta grabatzen nire estudioan, Musikaudion, eta asko ikasi dut. Pandemiagaz musika piloa kaleratu da eta ni horietariko beste bat naiz. 

Instrumentu eta ahots guztiak zeuk sartu dituzu. Eroso aritu zara?
Dena ez dut nik grabatu. Abesti bitan akordeoia dago; Josu Zabalak grabatu ditu. Baina gainerakoan neuk grabatu ditut, bai. Eta benetan eroso sentitu naiz. Azken finean, horixe da nire eguneroko lana: beste abeslarientzat abestiak konposatzen, moldatzen, grabatzen eta abar egoten naiz egunero.

Baduzu asmorik diskoa zuzenean aurkezteko? Zelan moldatuko zara zuzenekoetarako?
Oraingoz ez dut zuzenekorik egingo, baina ateak zabalik utziko ditut, eta beharbada lagun batzuekin elkartu eta hortik ikusiko dugu elkar.

Josu Zabalak ere parte hartu du grabazioan. Zelan, ba?
Josu erreferente bat izan da niretzat, eta ez bakarrik musikalki, baita pertsonalki ere. Pertsona justua, buru argia eta inspiratzailea da niretzat. Munduan egoteko era elegantea du, baita katiuskekin ere. Inoiz ere ez naiz izan gauzak eskatzekoa, ez molestatzeko beharbada, baina argi nuen berak nire diskoan egon behar zuela. Abesti bitan grabatzea proposatu nion eta baietz erantzun zidan. Oso pozik geratu naiz bere ekarpenagaz. Akordeoi doinuak Argi izpia eta Bero bihotzean grabatu ditu.

Diseinuaz ere zeu arduratu zara. Gurago duzu bakarka lan egin?
Azala, liburuxkua eta diseinua neuk egin ditut. Abesti guztiak konposatu, letra guztiak egin, ia instrumentu guztiak jo eta grabatu, diskoa nahastu, masterizatu... Baina kontua ez da neuk egin nuela dena. Gauza horiek guztiak egiten ikasi dut eta egin egin ditut. Hurrengo diskoan, lagun askogaz egin gura nuke dena, musikari zein letrei dagokienez, eta horrela izango da seguruenik. Bien bitartean, kaleratu dudan diskoa entzuteko aukera duzue. Urte asko daramat musika egiten, eta argi dut kalitate handiko diskoa dela. Bederatzi argi izpi lasai dastatzeko aukeran daude diskoan. Komenigarria da entzuteko momentu eder horretan ardoa eskura edukitzea ere, badaezpada.

Non entzun edo erosi daiteke diskoa?
Diskoa Spotify eta beste plataformarik gehienetan dago entzungai. Eta Elkar dendetan ere erosi daiteke, formatu fisikoan. Informazio gehiagorako, aitorrubio.com webgunera sartu daiteke. Animatu eta entzuteko momentua topatu, merezi du eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!