Zezen plaza mantenduko dute Durangoko jaietan

Ekaitz Herrera 2022ko uzt. 20a, 20:36

Durangoko gazte talde batek jaietan zezen plaza ipintzeko eskaria helarazi die politikariei, Euskal Zezenzale Elkartearen bitartez. Udalak eskaria onetsi du. Zezen plaza Tabira aldean ipintzea aurreikusi dute.

Ibai Mendibe durangarra, Sergio Zapatero durangarra eta Kepa Zugazaga mañariarra Durangoko politikariengana hurbildu dira gaur, San Fausto jaietan zezen plaza egon dadin eskatzera. "Jai batzordean parte hartu izan dut. Aurten zezen plazarik ez zela egongo ikusten nuen, eta gauzak mugitzen hasi ginen. Politikariekin hartu emanetan ipini nintzen, plaza ipintzeko leku egokia zein izan ote zitekeen iradokiz. Goiz honetan jaso dut plaza ipiniko zuten baieztapena. Dena dela, hona udaletxera hurbildu gara eskaria jasota gera dadin", azaldu du Sergio Zapaterok.  Eskaera elkarte baten bitartez egin dute, Euskal Zezenzale Elkartearen bitartez. Eta aktibitateei dagokienez, plazan  "errekorteak, errekortari-eskola eta poni-saioak" egitea aurreikusi dute. "Ohiko bigantxarik ez da egingo", azpimarratu du Zapaterok. "Dena dela, plazari bestelako erabilera batzuk ere ematea proposatu dugu. Herri kirolak egin daitezke, ganadu azoka bat, adibidez", dio. Zezen plaza Tabiran kokatzea aurreikusi du udalak.

Bestalde, "zezen plazara bideratuko den aurrekontua 2019an bideratu zen berdina izango da" Zapateroren berbetan. "Baina, jakina, harea bota beharko da plazara. Bizimodua garestitu egin da ordutik. Eta horrenbestez, abeltzaina etor dadin, bestelako finantzaketa bideak topatu beharko ditugu elkartean", adierazi du Zapaterok. "2.000 euroko" gastu gehigarria aurreikusi du harea ipini eta gero kentzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!