Ideia komunistak lantzeko berbaldiak, boxeo ikuskizuna, zinema tailerra, pilota partidak, mendi irteerak zein kontzertuak. Gazte Topagune Sozialistak askotariko egitaraua prestatu du gaurtik zapatura arte. Durangoko hainbat puntutara zabalduko dituzte ekintzak. Berbaldiak, adibidez, institutuko eta San Antonio ikastetxeko aretoetan egingo dituzte. Kanpalekua Zuhatzola parkearen atzealdeko eremu batean atondu dute. Landako Erakustazoka Topagunearen gune nagusia izango da. Han izango dira zapatuko kontzertuak eta ekitaldi politikoa. San Fauston, berriz, bazkariak, afariak eta errazioak eskainiko dituzte asteburu osoan zehar. Eta horrez gainera, Durangotik kanpora ere joko dute ekintzaren bat egitera. Iurretako frontoian pilota partidak egingo dituzte bihar.
"Euskal Herriko eskualdeetan zehar antolatuta gauden militanteen arteko topaleku bat izango da. Gure estrategiak zeintzuk diren, zein lanketa egiten ari garen, hori guztia elkarrekin partekatzeko tarte bat eskainiko du Topagune Sozialistak", adierazi dute egitasmoa antolatzen ari direnek. Egitaraua osoa ikusi eta xehetasun gehiago jakin gura duenak Gazte Koordinadora Sozialistaren web orrira jo dezake.