Durangoko hainbat familiak Getxoko udaleku baten kontrako auzibideak hasi ditu lekua "osasunarentzat kaltegarria" delakoan

Ekaitz Herrera 2022ko uzt. 19a, 16:52

Durangoko bost ume daude kaltetuen artean. Gurasoek umeen bila joan behar izan dute Getxora, seme-alabak handik ateratzera. Euren begiekin ikusi dute instalazioen egoera "negargarria". "Zikinkeria, instalazioen egoera tamalgarria eta arriskua" azpimarratu dituzte. 

Getxoko Udalak bertako udaleku baten jarduera geldiarazi du "instalazioetan atzemandako osasungarritasunik ezaren aurrean". Joan zen domekan eman zuen jarduera eteteko agindua, hain zuzen ere, guraso batzuek egindako jakinarazpen bati eskerrak. Udalekuetan parte hartzen zebiltzan 50 umeek etxera bueltatu behar izan zuten egonaldia agortu barik. Kalteturiko umeen artean Durangoko bost familia daude, eta hiruk gutxienez auzibideak hasi dituzte udalekuaren kontra. Arratsalde honetan Getxoko udaltzaingora jo dute salaketa ipintzera. 

"Sinestezina izan da, izugarria. Dena zegoen zikina, leku guztietan zegoen arriskua. Putzu septikoak gainezka, koltxoiak apurtuta, kanping-denda zaharkituak, elektrizitate instalazioak manipulatuta, komun bi baino ez zeuden ume guztientzat, egundoko hatsa... oraindik sinetsi ezinik nabil", dio udalekuak kalteturiko Durangoko ume baten amak. Bere 12 urteko alabak lehen aldia zuen udaleku batzuetan. Durangoko beste hainbat lagunekin batera eman zuen izena Getxoko surf udalekuetara joateko. "Pozik, oso gogotsu joan zen", dio. Eta halantxik hasi zen guztia, joan zen astelehenean, hilaren 11n. "Udalekuak uztailaren 11tik 21era zeuden programatuta. Egonaldia Galeako futbol zelai zaharraren ondoko baserri batean egitekoak ziren. Beraz, Barakaldoko BECera joan ginen uztailaren 11n, autobusak han jaso behar zituen-eta umeak", azaldu du gurasoak.

Baina hasiera batean egonaldi zoragarria izango zela zirudienak bestelako itxura hartu zuen egunek aurrera egin ahala. "Zapatuan, hilaren 16an, telefono deia egin genuen alabarekin. Umeak etxera etorri gura zuela esaten zidan. Nik pentsatzen nuen exajeratzen ari zela, umeen kontu horietako bat zela. Baina begiraleetako batek bideo konexioa egin genezan eskatu zigun, eta irudien bitartez ikusi nuen han zeukatena. Zapatuan bertan joan nintzen hara eta handik atera nuen umea", azaldu du gurasoak. "Egia esan, begiraleek asko lagundu digute. Haiek izan dira udalekuak kalteturiko bigarren biktimak", gaineratu du. 

"Ez zegoen ezelako kontrolik"

Beste guraso batek domekan atera zuen umea handik, hain zuzen ere, beste guraso baten abisua jaso ostean. "Umeak esaten zidan oso pozik zegoela. Lagun asko egiten zebilela, baina lekua kaka zaharra zela. Domekan bertara agertu eta umea jaso genuen. Inori parte eman barik sartu ginen eremura, umea jasotzera. Han ez zegoen ezelako kontrolik", kritikatu du gurasoak. "Udalekuko arduradunek esan ziguten umeek 10 minutuko ibilaldia zutela hondartzara, han gero surfa egiteko. Baina ez zen horrela. Berrogei minutu pasatxoko ibilaldiak egiten ibili dira egunotako beroagaz. Gainera baliatzen zituzten kayaketako hainbat zulatuta zeuden. Urperatu egiten ziren, eta ume bat artatu ere egin behar izan zuten", azaldu du gurasoak.

50 umeen gurasoak udalekuaren kontrako neurriak hartzeko asmotan dabiltza. Durangoko hiru familiak adibidez auzibideak hasi dituzte. Getxoko udaltzaingoagaz hartu emanetan ari dira eta salaketak ipini dituzte Kontsumobiden. Aldundiari ere bidali diote jakinarazpena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!