Durangoko Udalak umeentzako parke berri bi atontzeko lanak esleitu ditu. Txibitenan eta Sasikoan ipiniko dituzte jolasguneak. Azken honek lehenagotik zegoen parkea ordezkatuko du. Bestalde, Zabalarra ikastetxeko jolasgunean ere hobekuntza lanak egingo dituzte, kaltetuta zeuden hainbat elementu konponduta. Udalak 83.395 euro bideratuko ditu lanetra.
Umeentzako parkeok San Inazion eta Otamotzenan egiten ari diren lanei gehitu behar zaizkie. Udal iturriek diotenez, obra horien asmoa "aisialdirako guneak hobetu eta handitzea" da: "Umeentzako aisialdi eskaintza hobetzea gobernu talde honen apustua da. Otamotzenako parke berria sortu eta San Inazio parkea berritzen gabiltzan honetan, hurrengo hilabeteetan Txibitena eta Sasikoako haur parkeen txanda izango da. Datozen hilabeteetan hainbat proiekturekin jarraituko dugu lanean, Durango herri atsegina izan dadin haur eta gazteenentzat”, adierazi dute Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotziek.