Durangoko Udalak aurrera jarraitzen du Arandoño Torre kalea berritzeko lanekin. Martxo bueltan hasi zituzten lanak, eta hainbat jarduera egin dituzte ordutik hona. Ekintza nagusiak ur edangarriaren sarea berritzea, ur zikinen eta euri uren sarea berritzea eta Iberdrolako sare berria ipintzea izan dira. Horrez gainera kaleko argiteria hobetuko dute LED teknologia darabilten zortzi farola berri ipinita. Zoruari dagokionez, Durangoko Udalak espaloiak, asfaltoa, kale-altzariak eta berdeguneak berrituko ditu. Lan guztiak abuztu amaierarako bukatuta izatea gura dute udal agintariek.
Trafikoaren desbideraketa
Egunotan, Arandoño Torre kaleko ibilgailuen trafikoa desbideratuta egon da lanekin aurrera egin ahal izateko. Ibilgailuek Uribarri kalera sartuta, Zugaza zinemaren paretik igarota, hartu behar izan dute Azoka kalerako desbideraketa. Momentu honetan, Arandoño Torre kaleko trafikoa lehengoratuta dago. Ibilgailuak kale horretatik bertatik ari dira pasatzen. Baina kale horretako asfaltatze lanak hasterakoan, trafikoa Uribarri kaletik desbideratuko dute berriro, Azoka kalera.