[PODCASTA] Durangar bat Melillan, hango migrazio gorabeheren lekuko

Ekaitz Herrera 2022ko uzt. 8a, 13:55

Ainhoa Labaka Goikoetxea (Durango, 1999) Melillan dago, hango Solidary Wheels elkarteagaz boluntario lanak egiten. Orain hiruzpalau aste ailegatu zen Melillara, eta irailera arte egongo da han. Labakak bertatik bertara bizi du hirira ailegatu gura duten errefuxiatuen egoera. (Elkarrizketa osoa, behean)

Boluntario lanetan hasi zara Melillan. Zein da zure betebeharra?
Elkarteak lan ildo desberdinak ditu. Batetik, arlo juridikoari loturikoa dago. Migratzaileren bat asiloa eskatzera badator edo mugara joateko asmoa badu, guk bitartekari lanak egiten ditugu abokatuekin. Beste lan ildo bat osasunari dagokiona da, eta beste bat, dokumentatzekoa. Jendea elkarrizketatzen dugu, iruditan hartzen dugu saltoan gertatzen dena. Aste bitartean ere kalera irteten dugu, kalean bizi diren gazteengana. Konfiantzazko hartu-eman bat lantzen ahalegintzen gara eurekin, behar dutenagaz laguntzeko.

Ekainaren 24an Melillako hesietan gertatu zenak egundoko inpaktua eragin zuen iritzi publikoan. Han egon zinen?
Ekainaren 24 goizean jakin genuen mugako hesian salto egin zutela. Elkarteak ekintza plan bat aktibatzen du horrelakoetan. Lana banatzen dugu eta saltoa gertatu den eremura joaten gara. Baina, gertaturikoaz berandu enteratu ginenez, ez genuen salto egiten zebilen inor ikusi. Ezta gehiegikeria polizialik ere. Gerora, bai. Bideoak zabaltzen hasi ziren. Egunotan, ohikoa baino presentzia polizial handiagoa dagoela igarri dugu.

Bideoetan migratzaileak lurrean ikusi genituen, hesiaren aurrean pilatuta, Marokoko jendarmeak migratzaileak jipoitzen...  Irudi hori ohikoa da?
Martxoaren 2tik 3rako gauean antzerako salto bat egon zen eta modus operandi berdina jarraitu zen. Egunotan salto egin duten pertsonak ez dira marokoarrak. Txadekoak edo Sudanekoak dira, baina Espainiara ailegatzeko Maroko igaro behar dute lehenengo. Eta Marokon arrazakeria instituzional handia dagoenez, migratzaile horiei ez diete aukerarik ematen asiloa eskatzeko, kontsuletxera joateko arauturiko prozedura hasteko. Ez zaizkie giza eskubideak bermatzen. Beraz, migratzaile horiek Melilla ondoko mendi batera joaten dira, Gurugu mendira, eta han egoten dira, egonleku prekario batzuetan. Gero, antolakuntza minimo bat egitea lortzen dutenean, elkarregaz jaisten dira behera, muga pasatzen ahalegintzera. Eta hor, poliziaren basakeria artean, batzuek muga pasatzea lortzen dute.

Zer gertatzen da hesia pasatzea lortzen ez dutenekin?
Horixe jakin gura dugu guk ere. Ekainaren 24an, 2.000 bat lagun jaitsi ziren menditik, baina 130ek baino ez zuten lortu Melillara sartzea. Erdibidean, ikusi duguna dago: jendea lurrean pilatuta, abalantxa baten biktima, eta poliziaren indarkeria neurribakoa. Gertatu dena argitzea eskatzen dugu. Melillara 130 lagun baino ez badira ailegatu, non daude besteak? Eta zelan daude? Nador (Maroko) herriko ospitalea ere gainezka dago. Baliabide urriak zituen lehen, eta horri jendearen gainkarga batu zaio. Gorpuak identifikatu barik dabiltza lurperatzen. Eta besteentzat ez da laguntzarik ailegatzen.

Zein da Melillako mugara ailegatzen diren migratzaileen profila?
Orokorrean, profil bi daude. Batetik, marokoarrak. Melilla hegoaldeko Beni Ansar herritik sartzen dira, igerian. Melillara ailegatu eta kalean geratzen dira, edo CEPI egoitzara doaz. Bestetik, marokoarrak ez direnak daude. Momentu honetan Txad eta Sudan herrialdeetako jendea da nagusi. Kontuan hartu behar dugu herrialde horiek oso barne gatazka gogorrean bizi direla, eta Txaden kasuan larrialdi klimatikoa ere badutela. Adinari dagokionez, 20tik 23 urtera arteko herritarrak dira nagusi. 

Zer esaten dizuete migratzaileek? 
Haien testigantzei erreparatuta, giza eskubideak errespetatzea eskatzen dutela ikusten dugu. Batzuek zazpi urteko bidaia egin dute Txadetik Marokora, oinez. Marokoko arrazakeriagaz topo egiten dute. Supermerkatuetan ukatu egin izan diete janaria, beltzak direlako. Eskubideak bermatzea eskatzen dute. 

Ekainaren 24ko sarraskia gertatu zenean, Espainiako gobernuak mafiei egotzi zien gertatutakoa.
Gure elkarteak ez du interpretazio horregaz bat egiten, eta migratzaileek ere ez. Migratzaileek dioskue inork ere ez diela bitartekaritza lanik egin, inork ere ez dituela batetik bestera eraman. Herrialdeko barne gatazkak behartu ditu euren herrialdetik irtetera. Erabakia modu autonomoan hartu dute. Beraz, ez da mafia kontua. Espainiako gobernuaren irakurketa guztiz interesatua da, migratzaileei autonomia eta boterea kentzeko.

Zeintzuk dira, zuen ustez, egoera honen erantzuleak?
Espainiako gobernua, Europar Batasuneko migrazio politikak eta Marokoko gobernuagaz hartu-emanak dituztenak. Ez da oso urruti joan behar Espainiak eta Europak Marokogaz azken hogei urteotan izan dituzten akordioak ikusteko. Marokori pribilegio politiko eta ekonomikoak eman dizkiote, Espainiako muga kontrolatu dezan. Ardurak oso argiak dira. Martxoan zein ekainaren 24an gertaturikoa urteetako hartu-eman hauen ondorio da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!