Irekiera ekitaldia 19:00etan izango da, eta bertan Kohatu taldeak kontzertu akustikoa eskainiko du. Gero eta gehiago dira katalogoetan komikiak dituzten museoak, horregatik, Durangokoan Herrerosen lana ikusi ahal izatea "pribilegioa" dela nabarmendu du Asier Mensuro erakusketaren komisarioak. "Museologiako aitzindaritzan dago une honetan komikiak katalogoetan sartzea. Adibide bezala Louvreko museoa, Georges Pompidou Arte Zentroa, Prado museoa edota Thyessen Bornemisza aipatu ditzakegu. Beti gustatzen zait nabarmentzea, herriek egin dezaketen inbertsiorik onena artea dela". Garazi Arrizabalaga Durangoko Arte eta Historia museoko zuzendariak ere erakusketa Durangon egotearen garrantzia azpimarratu du. "Lehenbiziko aldia da komikia museoan erakutsiko dena, eta hori nobedadea da, baina gainera, gaztegoak museora erakartzeko modua ere izango dela uste dut".
Itxialdian sortua
2020ko martxoan jaso zuen Herrerosek Astiberriren enkarguz, Georgia O'Keeffe margolariaren bizitzan oinarrituriko komikia egiteko eskaintza, koronabirusak eragindako pandemia hasi aurretik. "Bi urteko ume batekin, eta etxetik irten ezinda murgildu nintzen bere munduan; emakume ekina zen O'Keeffe, eta ni, barrura begiratzekoa zen une batean murgildu nintzen bere munduan", azaldu du egileak. Georgia O'Keefferen jarduna goraipatzeaz gainera, bere unibertsoan murgilduta ikasitakoa azpimarratu du Maria Herrerosek. "Pentsatzen zuena esaten zuen, esaten zuena egin, eta bizitzen zuena margotzen zuen".
Maria Herreros ilustratzaileak Espainiako eta nazioarteko komikigintzan ibilbide oparoa du, eta besteak beste Taschen, Lunwberg edota Astiberri argitaletxeegaz lan egin du; La Vanguardia, El Pais edota Vogue bezalako publikazioekin ere egin du lan, eta bere lanak San Franciscon (AEB), Bartzelonan edota Seulen erakutsi dituzte. Georgia O'Keeffe margolari estatubatuarra zen. Herrerosen arabera, komikia egiterakoan erronka handiena "O'Keefferen ahotan berea ez zen berbarik ez jartzea izan da"; horretarako, margolariak berak bere garaian idatzitako gutunetan oinarritu da.
Abuztu amaierara arte egongo da ikusgai erakusketa.