Elisabeth Luengo eta Pedro Heredia Euskadiko txapeldun geratu dira arku-tiroan

Anboto 2022ko uzt. 1a, 12:51
Elisabeth Luengo eta Pedro Heredia Euskadiko txapelketan irabazitako urrezko dominekin.

Biak Durangoko Arkulariak taldeko kideak dira.

Joan zen asteburuan 32. Euskadiko arku-tiro txapelketak lehiatu zituzten Gasteizko Arku Lagunak klubeko azpiegituretan. Modalitaterik garrantzitsuenean, arku kurbatuan, Durangoko Arkulariak taldeko Elisabeth Luengo eta Pedro Heredia geratu ziren txapeldun. Modalitate honetan, klub bereko arkulari bik emakumeen eta gizonen txapelketa irabazten duten lehenengo aldia da. Zaldibarko Arku Taldeko Lidia Cañete durangarra, berriz, azpitxapeldun izan zen emakumeetan.

Modalitate berean Javier Patino zornotzarra bederatzigarren geratu zen eta Salustiano Quintana etxebarriarra zortzigarren. Biak Arkulariak taldean dabiltza.

Arku tradizionalari dagokionez, Roberto Fernandez durangarrak seigarren tokian amaitu zuen.

Espainiako txapelketa

Uztailaren 27tik 31ra aire libreko Espainiako txapelketa izango da Madrilen eta hantxe ariko dira Luengo eta Heredia Euskadiko selekzioarekin. Banakako nahiz taldekako txapelketetan parte hartuko dute.

Luengo erdian eta Cañete ezkerrean, emakumeen podiumean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!